“Neuk esatea ez da ongi, baina hemen ni bezalakorik ez da izandu”, bota zuen duela 40 bat urte aizkolari batek mahai-inguru batean. Eztabaidagarria da hura sekula izan denik hoberena dela esatea; ukaezina norberak esatea ez dela egokia. Beren burua beste guztien oso gainetik ikusten dutenen nolakotasuna behar du, inolaz ere.
Munduko nagusi gorena erabat sumindu da Bakearen Nobel saria beste norbaiti eman diotela jakitean, norbait hori sokalagun izanik ere. Munduko bakeari, justiziari eta bizikidetzari beste inork ez bezalako ekarpenak egin dizkiola uste bide du nagusiak. Anbizioz eskas sumatzen dut, halere. Literaturako Nobel saria deitura ahoskaezina duen egile bati eman diote, Laszlo Krasznahorkai idazle hungariarrari. Kultuko idazlea, inoiz salmenta handirik izan ez duena –orain denok irakurria dugu baina–. Aitzitik, mundu zabaleko zenbat milioika pertsonak irakurtzen dituzte nagusi gorenaren txioak egun oroz? “Hori ez da literatura”, erantzungo zuen zuetarikoren batek. Oso baieztapen eztabaidagarria. Literatura latineko litera hitzetik dator, eta letraz hedatzen ditu txioak nagusiak. Haren mezu laburrek, ideia ausarten, sintaxi-ariketa bitxien eta asmatutako hitzen bitartez, publiko masiboarengana heltzeko gaitasuna dute, eliteen esklusibotasunetik urrun.
Medikuntzako Nobel saria ere ez al lekioke eman nagusiari? Covid-19aren aurkako tratamendurik merkeena eta demokratikoena hark proposatu zuen: lixiba. Nork daki zer ondorio eman zitzakeen nagusiaren proposamenak aurreiritziz beteriko zientzialari hantusteek errefusatu izan ez balute!
Bada neurgailu bat egitasmo edo sari bati zilegitasuna eman edo kentzen diona: bide horri ekin zionaren printzipioekiko atxikimendua. Ironiaz harago, Alfred Nobelen testamentuaren oinordeko diren akademiek pentsaldi bat eman behar liokete aferari. Martxa honetan zenbait saritarako hautagaien zerrendan egoteak norbere izen ona lorrintzeko baino ez du balioko.