Ito bedi bere simaurretan
Muskek, finean, jasanezin bihurtu du X: sare toxikoa da, kutsatua eta kutsatzailea
“Twitter zenak eta X deitzera ohitu ere ez garen sare sozialak jo du bazterra. Aspalditxoan ibili gara gaiarekin bueltaka, eta ez da erraza audientziak dakartzan erremintari uko egitea. Hala ere, erabaki dugu ezin dugula egun bat ere gehiago jardun munstroa elikatzen. Informazioa zail dago desinformazioaren algoritmoen tresnan”. Goiena komunikazio-taldearen oharra da. Hedapen eta oihartzun aise handiagoko beste zenbait hedabidek ere bide beretik jo dute. The Guardian ahaltsuak argi azaldu du zergatia: “X Muskek bere diskurtso politikorako baliatu duen plataforma toxikoa da”. La Vanguardia egunkariaren salaketak ere bortitzak dira: “Giza eskubideen aurkako ideiak, gutxiengo etnikoenganako gorrotoa, misoginia eta arrazismoa eduki biral bihurtzen dira X sarean.”
Muskek, finean, jasanezin bihurtu du X. Bot artifizialek nahieran haizatzen edo mututzen dituzte edukiak, troll ustelei bidea libre utzi die, algoritmoak nagusiaren interesen arabera enfokatzen ditu, jarraitzaileak diruz eros daitezke, desinformazioa eta intoxikazioa arau bihurtu dira, ez dago edukien moderazio etikorik. Sare toxikoa da, kutsatua eta kutsatzailea.
Ez dira gutxi hortik alde egitea erabaki duten norbanakoak, neu tartean. Ulertzen dut jarrera kritikoz segitzea erabaki dutenen hautua, askatasunaren eta ideien alde borrokatzen jarraitu beharra dagoela diotenen arrazoiketa, sare hori eskuin muturraren esku uzterik ez dagoela uste dutenen erabakitasuna. Nik neuk, hor diharduen hainbat jende oni agur esateak min eman arren, neure osasunaren eta lasaitasunaren mesedetan hartu dut erabakia. Bestetik, ez dakit hor segitzea ez ote den munstroa elikatzea, sarea legitimatzea. Nik utzi dut. Kitto. Nire eta beste milakaren erabakiak ez dio azkurarik ere egingo Muski, baina aurrerantzean berak ere ez niri, eta askoz hobeto sentitzen naiz. Ito bedi bere simaurretan.