Donostian gertatu zen, iazko uda minean. Eskuarki lasai samarra den jatetxe batean ginen. Ezohiko jendetza, ezohiko martxa. Eta gure ondoan dozena bat laguneko mahai bat, lainezaz eta larderiaz gainezka. Bi sos ordaintzeak zernahitarako lizentzia ematen duela uste du zenbaitek. Haietako pare bat behintzat, bi artaburuenak, zurrut pixka bat eginda zeudela iruditu zitzaidan, baina badira alkohol tantarik gabe ere horrelatsuko jokaerak izaten dituztenak. Edan gabearen mozkorra da txarrena. Zerbitzariei etengabeko arreta eskatzen zieten, modu arras desegokian. Batak “fissst!”, besteak sardexkaz botila joz zarata atera... Ingurukoak ere erabat gogaitu gintuzten, eta nabari zen zerbitzariak amorruari eutsi ezinda zebiltzala. Kontua eskatu zuten, halako batean! Eraman zietenean, “txartel bidez bakoitzak berea ordainduko dizugu” erantzun zuen bi kaikuetan kainuenak. Zerbitzariaren pazientziak gainezka egin zuen eta ezpainartetik kexa etsi batek ihes egin zion, buruari eragiten zion bitartean: “banekien...”   Bi ergeletako bat zutitu egin zen eta bortizki oldartu zitzaion langileari: “nahi dugun bezala ordain-tzeko eskubidea dugu! Isildu eta kobratu!” Jantoki hartan bazkaltzen ari zen beste bezero batek hartu zion kargu: “zu zara hemen isildu beharrekoa. Ordaindu eta ospa!” Beste mahai bateko norbaitek kontra egin izan balio, egundoko kalapita sortuko zatekeen, ez dut dudarik. Zorionez, mahai bereko lagun bat izan zen oilaskoari kargu hartu ziona. “Nik ordainduko dut, gero egingo ditugu kontuak” esan zion zerbitzariari. Ordaindu eta gero, irtetera zihoala, mahaikideen jokabideagatik barkamena eskatu zuen. 

Pasarte hura ekarri zidaten oroimenera Erroma vs Athletic partida osteko gertaerek. Herri Norte taldeko zenbait txilibistrok bengalak jaurti zituzten harmailara, eragin zezaketen sarraskiaren axolarik gabe. De Marcos eta Iñaki Williams kapitainak joan zitzaizkien kargu hartzera. Kapitain izateak besoan ikurrina eramateaz gaindiko zerbait behar luke. Lehengoan hala izan zen, eta poz hartu nuen. Txorogaiztoei mahaikide edo taldekide garenok kargu hartuko bagenie, beste kuku batek joko liguke.