Oinarri historiko soiletik begiratuz, Israelek herrialde gisa aldarrikatzen dituen eskubideetako batzuk uler daitezke. Horien defentsan hamarkada luzez izaten ari den jokaera basa eta onartezinak jarrera prepolitikoetara garamatza ezinbestean: indarkeria neurrigabe horri aurre egin beharra dago.

Urriaren 8an Israelen aurka egindako ekintza terroristek mugarik eta neurririk gabeko erasorako baimena damaiela iruditurik, une berean mundu osoan hedatzen diren irudien oihartzunaren erreparorik gabe, genozidio beste izenik eman ezin zaion suntsiketa-makinaria jarri zuen abian. Ospitaleak, eskolak, meskitak, zernahi da jomuga.

Mundu osoko iritzi publikoaz gain, Hagako auzitegia ere oldartu egin zaio Israeli: geldi ezazue Rafahko erasoa! Aste berean, Europako hiru estatuk, Espainiak, Irlandak eta Norvegiak, Palestina estatu gisa gisa aitortuko dutela iragarri dute. Pedro Sanchezek, beraz, aldarrikapen politiko sakon batekin erantzun du Israel Palestinaren aurka egiten ari den genozidioaren aurrean. Bada zerbait...

Zerbait litzateke estatu-izaera merezi duten herri ororen aldeko jarrera erakutsiko balu, giza-eskubideen aurkako eraso guztiak salatuko balitu. Israeli kargu hartu dion estatua beste herri batzuen jazarpen eta zapalkuntzaren konplize ezinbestekoa da, ordea. Sahara okupatu, ustiatu eta saldu zuen estatua Marokorekin harremanak gero eta gehiago estutzen ari da gainera. Palestinako estatua aldarrikatzea keinu hipokrita bat besterik ez da beste herrialde baten zapalkuntzan ezinbesteko aktore denaren ahotan.