Gizasemeen arteko lau eta erdiko txapelketa nagusia amaitu delarik, hainbatek egin dute materialari buruzko gogoeta. Lehen gainerako espezialitateetan baino pilota motelagoak erabiltzen ziren kaiolan, orain hantxe bizienak. Aspaldi pentsatu genuen gero eta biziagoak jartzeko joera horrek noizbait beharko duela amaia, baina zain jarraitzen dugu. “Gaurko esku-pilota gustatzen zaidak, baina gurearekin alderatuta beste espezialitate bat duk” esan ohi du Joxan Tolosak. Gauza bertsuak esaten zituzten Gallastegik eta Atano III.ak amezketarraren belaunaldiaz. Piloten bilakaerak jokoarena ere ekarri du: ezinezkoa litzateke gaurko jokoa orduko pilotekin.

Mariano Juaristi Atano III.aren gogoetak entzuten genituelarik, orain 30 bat urte, pilota eta joko biziagoetara ohitu ezinik zebilen aitona baten irakurketak iruditzen zitzaizkigun. Eskuartean darabilt Juan de Irigoienek 1926an idatziriko liburua: El juego de la pelota a mano, semblanzas de pelotaris. Idazleak berak hau zioen: “Pilota-jokoak solemnitate zeremonial bat zuen, kultu tradizional handikoa, gaur egun itxuraldatzen duen ikusgarritasunaz oso bestelakoa”. Eta, nola diren gauzak, Atano III.aren jokatzeko modua zen irentsi ezin zuen aldaketetako bat. Hara zer zioen Marianoz: “Itsu-itsuan joaten da errematearen bila, hori du obsesio; espezialitate gisa txokotik ezker-airez egiten duen jokaldi bat du, jarrera guztiz arraroan, ustekabean zabalera gurutzateko. Txanboiaren jokaldia iruditu zitzaidan, inola ere ez maiz erabiltzekoa; bere eite garbal eta ausartaz, sakon-sakonean, Atano beldurtuta dago bere obraz eta eragin duen zarataz; orain gutxira arte diruzorroa golkoan zuela jokatzen zuen, ez zen arriskatzen aldagelan edo txapapean uztera. Diru asko irabazten baitzuen!”

Bizitzaren edozein alorretan aplika daitezkeen dilemak dira. Izango dugu agian orain tradizional iruditzen gatzaizkienei atzerakoi deituko dienen bat ezagutzeko zoria.