asteizko Legebiltzarrerako hauteskundeen emaitzak deigarriak izan dira zenbait kontugatik, baina agian abstentzioarena izan da daturik garrantzitsuena, partehartzea inoiz apalena (%52) izan delako. Eskubidea ukan arren, kasik biztanleriaren erdiak ez du bozkatu, eta batzuen arabera hauteson-tzietatiko dezertzioa pandemiaren ondorioa izan da. Ene iritziz, ez da guztiz hala, ezen Galizan egokera berean, jokaera bestelakoa izan baita. Han ordea, partehartzeak, 2016koarekin erkatuz, gora egin du. Euskadirena aldiz bat dator Europako hainbat herrialdeetan aspaldidanik gerta-tzen denarekin, non desafekzioa gora doan, joan ere alderdien alderdikeriengatik, eta hauteskundeen irrelebantziagatik politika eta ekonomiaren ildoak finka-tzeko. Gurean, zabaldu den Pintxo-Potearen kultura iheskor eta ebasiboak ez al du, zentzu batez, hori adierazten?

Emaitzek indartu dute gobernu koalizioa, zein minorian egotetik, 37/75, gehiengo absolutua erdiestera 41/75 heldu baita. Haietatik, 31 eserleku EAJri eta 10 PSEri dagozkie, hurrenez hurren, eta 4 eserleku berrietatik 3 eskuratu ditu EAJ-k, bana herrialdeka. Edozelan ere, EHbildu izan da emaitz disdiratsuenak lortu dituenak, 3 eserleku gehiago irabaziz, parlamentari bana herrialde hirutan, eta halaber botoetan. Izan ere, Bildu izan da botoetan gora egin duen bakarra, 25 mila gehiagorekin, 250.000tara helduz. Gainerako alderdi guztiek aldiz, abstentzioa dela eta, botoetan bera egin dute; esaterako, EAJ-k 50.000 boto gutxiago, orotara 350.000 inguru eskuratu arren.

Galerarik handienak Elkarrekin Podemos jaso ditu: 11 kide parlamentario izatetik dozena erdirekin geratuko delako, bidean 85.000 mila bozka galdurik, hau da, erdia baino gehiago. PPk ere oso emaitz kaskarrak izan ditu: 70.000 boto eta 3/5 eserleku galduz. Izan ere, lorturiko sei eserlekutik bi Ciudadanosi dagozkio, oraingo honetan biak koalizioan zihoazelako. Galerak, beraz, handiagoak lirateke. Voxek ere, ihazko espainiar hauteskundeen emai-tzekin erkatuz, kasik 10.000 boto galdu ditu Araban estrainekoz eserlekua lortu arren eta guztira 17.000 boto jaso eta gero. Hala ere, Abascal, bere liderra, lehenago jada euskal parlamentari izana, orduan PPko lerrotan.

Emaitza hauek koalizioari aukera emango diote errazago ibiltzeko gobernuaren kudeaketan, besteak beste, aurrekontuak aurrera ateratzeko. Oposizioaren panorama, haatik, nahasiago liteke. Batetik, bertan indar nagusia EH bilduk, 21 eserlekurekin, kasik bitandu dituelako oposizioaren beste indarrak, eta haiek, bestaldetik, nahiko zatiturik daudelako: 6 eserleku Podemosi dagozkie ; 4 PPri, bi C’si eta bat Voxi. Kontutan izanik trifachitoaren ordezkari-tza hondarrekoa eta beronen ohiko jokaera oldakorra, litekeena da hirukoek oposizio egingo dutela espainiarrak asaldatzeko, norgehiagokoan, hooliganismo politikoaren ildotik: ETA, euskara eta independentismoaren alegiazko mehatxuen kontra. Kilker kutxa honen alboan, Bildurentzat ez da erraza izango oposizioaren lidergoa ganoraz eramatea, eta saihestu beharko du probokazioetan erortzea.

Inork ez daki datozen hilabeteetan zer nolako bilakaerak izango ote duen pandemiak, ezta ere krisialdi ekonomikoak zer neurriraino zabalduko den, edo noraino helduko den langabezia, edo nola egin aurre enpresen ixtearen kutsatzeari. Ez da batere erraza izango Euskadi zutik jartzea eta ataka honetatik gizarte hobea bidean ipintzea. Estaturik gabeko nazioek ez dute baliabide nahikorik nazioartean jarduteko, non Estatudun nazioek duten hitza eta erabakia, eta non autonomia espainiar erara interpretaturik, ahul gertatzen baita erronkei aurre egiteko. Estatus politiko berria beharko luke horretarako, edo hainbat hobe, ene ustez, euskal errepublika. Ezen estatu subiranodunak txiki eta makal badira globalizazioan aritzeko, zer ez ote dira bada menpeko nazioak eta herriak?

Indar abertzaleek 75 eserlekutik 52 bildu arren eta alderdi espainarrek legebiltzarrean heren bat baino gutxiago osatu arren, emaitzek ez omen dute balio izango Madrilekiko menpekotasuna alboratzeko. Eredu autonomikoa diseinaturik dago hain zuzen ere, espainiar nazionalismoak, jaun eta jabe iraun dezan, eta beronen alderdiek ez dute euskal hauteskundeak irabazteko beharrik, erabaki nagusiak Madrilen eta Bruselan hartzen direlako eta azken arbitroak espainiar auzitegietan daudelako, dela auzitegi nazionalean, gorenean edo konstituzio tribunalean. Pandemiaren krisialdian, argi ikusi ahal izan denez, klik batean, BOE-ren kolpe batez, amatatu daitezke autogobernua, eskumenak eta eskunduntzak, eta Madrilera eraman. Ez halabeharrez. Izan ere, oso bestelakoa izan delako, esaterako, Londreseko jokaera, Eskozia edo Galesekiko, edo Alemanian Berlingoko gobernuarena Länderrekiko, non errespetatu baitira eskumenen banaketa. Madrilen, aldiz, krisialdia aukera legez erabili dute berzentralizaziorako. Uztaileko goibilera luzean EB-k urrats itzela eman ondoren zorpetze berria batera-tzeko eta funts handiak libratzeko estatukideen artean, sistemaren dependentzia Bruselakiko estuagoa izango da eta litekeena da Madrilek profitatuko duela Europar Batasunean duen posizioaz bere nagusitasuna Euskadiarekiko areagotzeko. Baina administrazioek, egoera berezi eta ineditoan, lehiakor izan beharko dute, enpresek, langileek eta hiritarrek laguntza nahikorik jaso dezaten, nola banaketa egokia egiteko ere, ekonomia berriro martxan abiarazteko. Bistakoa ez dena, alabaina, utzikerian kudeatzen ohi diren estatuetan.

Legegintzaldi honetan ere ez du ematen euskal gobernutik lehenestuko dutenik estatus politiko berriaren auzia. Gobernuko kide den PSE-k kanpainan bertan adierazi du estatu berriaren ordez nahiago duela indarrean dagoena betetzen “zentratu”. Azken lau urtez gobernukide izan arren, sozialistok ez dute aldatu bere jarrera nazional supremazista. Haientzat, de facto, soilik espainiar nazioak badu eskubidea proiektu politikorik garatzeko, Euskadiko edo Catalunyako parlamenduetan gehiengoek bestelako proiektuak garatzeko nahiak adierazi arren. Euskaldunok defizit demokratiko sakon batean bizi gara, erabakitzeko eskubide oso mugatuarekin, estatu zapaltzaile eta usteletan. Horrexegatik, Gure lekukotasuna izeneko 1977ko Errobiren kantak eta Landarten hitzek: “Burruka gaiten irabazteko Euskadin askatasuna” ez dute egundaino gaurkotasunik galdu. Elkarren lanak, ongi uztartuz, altxatzen dira etxeak!

EHUko irakaslea