Iritzia

Guztion egitekoa

27.03.2020 | 08:54
Koldo Tellitu, presidente de Ikastolen Elkartea.

Egun larriak bizi ditugu; egun gogorrak. COVID-19 hemen dugu, eta denbora batez geratzeko etorri da. Guztion ardura eta betebeharra da koronabirusaren hedapena moteltzeko ahaleginak egitea. Osasunak izan behar du lehentasuna. Horregatik gaude etxean.

Horregatik, egunotan, ez dira gure ikastoletara etortzen ari ikasleak, irakasleak eta langileak. Baina ikastola eraman dute etxeetara. Gure konpromisoa, hezkuntza sistema osoarena bezala, ikasleen ikasketa prozesuaren egunerokotasunaren etenak ahalik eta eragin txikiena izatea delako, eta, etxean daudela, gure helburua delako egunero ikasteko ohiturari euts diezaiotela eta eskola jarduera modu ez presentzialean ahalik eta egokien egin dezatela.

Izan ere, gure buruan ez dago gure seme-alabek ikasturte erdia galtzea. Aitzitik, geratzen zaigun ikasturte erdi hau egin egingo dugu, beste bide batzuetatik izanik ere. Ezohiko modu batean, baina egingo dugu.

Horretarako jarri ditugu Ikastolen Elkartearen baliabide guztiak ikastolen esku, inolako gainkosturik gabe, gure material didaktiko digital guztia erabil dezaten, bai EKI proiektuaren materialak (Ikaselkarrek ikastola guztiei eta bere bezero guztiei eskaini dizkie doan) zein bestelako koaderno digitalak; baita beste multimedia aplikazio ugari ere (Ttantto, Txirritx, Birraitonaren museoa ) irekian eta musu truke erabil ditzaten Euskal Herriko ikasle guztiek. Material horiek erabiltzeko plataformak eskaintzen dituzten enpresekin ere adostu dugu zerbitzua doan izatea. Dispositiborik ez zuten edo behar adina ez zituzten familiei ere ikastoletakoak utzi dizkiegu; eta Internet konexiorik ez zuten edo behar bestekorik ez zuten gure familiei ere konexioa jarri diegu, doan, Ikastolen Elkarteak eta ikastolek beren gain hartuko ditugulako kostu horiek. Badakit, egunero jasotzen ari naizelako horren berri, gure irakasleak buru belarri ari direla lanean. Gabezia handia da ikasleak aurrez aurre, alboan, ez izatea, baina gogor ari dira distantzia gerturatu nahian: beren ikasleekin harreman estuan, plataforma desberdinen bitartez, bideo konferentziaz, edo tutorialen bitartez, euren onena ematen ari dira, ofizioz bezala, bokazioz ere irakasle direlako. Eta ez da samurra euren egitekoa, ikasleak aurrean ez dituztela, askok etxean txikiak edota zaintza behar duten adinekoak ere dituztela, aritu behar dutelako.

Egoera berezi honetan ikasleen jarraipena ahalik eta ondoen egiten asmatzea da erronka nagusia, nola eskaini ikasleei faktore humano eta emozionala, elkar entzun eta ikusi ahal izatea eta jakitea bakoitzaren egoerara egokitzen. Inoiz baino beharrezkoagoa da ikasleek senti dezaten alboan izango dituztela bidelagun ezin hobeak.

Gurasoak ere oso presente ditugu. Familien etxeetara ez dira ikastolak soilik sartu. Ikastolekin batera, lantokiak, lana aldi baterako erregulatzeko txostenak, bakartzeak, ere etorri dira. Guraso asko egoera zailean egongo dira, eta eskertzen diegu egiten ari diren esfortzua beren umeen hezkuntza aurrera eramateko. Prozesu honetan gurasoak ere laguntzaileak izatea nahi dugu, beren iritzien joan-etorria ere behar dugu, bide onetik goazen edo gehiegi eskatzen ari garen jakin nahi dugu.

Ikasleak, irakasleak, langileak eta gurasoak aipatuta, Ikastola Komunitatea azpimarratu nahiko nuke. Komunitate izaera oso lagungarria egin zaigu urteotan guztiotan. Euskal Herriko ikastolak aurrera egin dugu komunitate handi baten parte garelako, eta horri esker gure hezkuntza proiektu nazionala aurrera ateratzen ari gara.

Egoera berezi honetan ere, ikastolen munduan denok ari gara egoera berrira egokitzen, batera, elkarlanean. Komunitate izaera oso lagungarria zaigu orain ere, balio handia du. Elkarrengandik ikasten ari gara, etengabe partekatzen ari gara gure arteko praktika onak, elkar aberasten ari gara. Komunitate izaera hau indartu nahi dugu, ikasle, irakasle, langile eta guraso guztiek eta bakoitzak senti dezaten babes hau.

Ikasleen heziketan garrantzitsuak diren beste alor batzuk ere ezin ditugu ahaztu: adimen emozionala, irakurketa, musika, egungo egoeraz mintzatzea, etxean ariketa fisikoa egitea (kirola, dantza, jolasa ). Ezin ditugu ahaztu, ezta ere, konfinamendu egoerak ume zein nerabeengan izango dituen ondorioak. Denbora luzez itxialdian egoteak beren garapenean izango dituen ondorioei jarraipena egin beharko zaie, beraz.
Eta etxean euskaraz egiteko aukerarik ez duten haurrentzat bereziki, baina hedaduraz haur guztientzat, euskarazko telebistak balio hezitzaileen hedapenerako tresna bilakatu beharko lirateke, ordutegi eta programazio konkretu bat eskainiz, ez soilik ikus-entzunezko programak eskainiz, baizik eta jolasteko, abesteko, dantzatzeko, burua astintzeko aukerak emango dituzten programak sortuz. Honetan, elkarlanerako prest gaituzue. Ikastolez aritu naiz, berau delako ongien ezagutzen dudan hezkuntza komunitatea, eta bertan zuzenean inplikatuta dihardudalako. Baina konbentzimendu osoa dut beste sareetan ere buru belarri ari direla lanean, geu bezala, dena eta onena ematen. Hau bakoitzaren eta guztion egitekoa delako. Krisi larri honek gure gizarte ereduaren eta gure balioen gaineko gogoeta sakona egitera bultzatu behar gaitu, lehentasunak berraztertzera, eta eraldatzera. Historiara pasako den garai hau izan dadila enpatia indartzeko eta elkarlanerako aukera. Hezkuntza eragileok ere lubakietatik irten eta elkarlanari eta gure baliabideak partekatzeari ekin beharko genieke, hezkuntza sistema propioaren bidean indarrak bildu eta guztion artean eredu berri bat eraikitzeko.