ire aitonak urdaitegia izan zuen. Tratulari hutsa izan zela esaten dute etxean. Berari, tranpatia izan zela esatea gustatzen zitzaion "beti ere hobe bidean". Zituen lagun tratante askotarikoen artean, bateren batek, Nafarroako txerrien urdaiazpikoa askoz hobea zela esan zion antza. Txerri txikiagoak izanagatik, basatiagoak ere baita, eta haien haragia gihartsuagoa zela. Herriko bezeria bereganatzeko asmotan, bada, egin zuen tratua lagunarekin. Eta baita Nafarroatik kamioi bete txerri ekarri ere. Haiek hiltegira eramatean, ostera, bateren batzuek kamioitik ihes egin eta herrian barrena barreiatu ziren, herritarren harridurarako. Azalpenak luzaroan eman behar izan omen zituen aitonak, zergatik ekarri zituen txerri txiki haiek eta zergatik ziren hemengoak baino hobeak, herritarrak guztiz konbentzitzera heldu gabe. Eta haatik, nire aitonari ezizena jarri zioten "txarritxiki" eta familia osoak irabazi genuen goitizen hori. Bizitza guztian gauzak ondo egiten ibili arren, nahikoa dela behin aldentzea esaten zekien aitonak, epaitua izateko. "Egin duzunagatik gogoratuko zaituzte" errepikatzen zuen, "herritarrek gogoratuko dutenagatik".

Nire aitona Espainiako Errege Emeritua baina gazteago hil zen. Errege Emerituaren kezketako bat, aditzera eman denez, hiltzen denean zer nolako agurra egingo ote zaion zehaztea omen. Hau jakitean, ezin aitonaz gogoratzea ekidin. Ezta Errege Emerituaren egiteez pentsatzen jardutea ere. Eta agurra izenari edo izanari egiten ote zaion galdetu diot ene buruari. Izenak, oroz gain, izana estaltzen ote duen. Izena bakarrik aintzatesten duen herri batek zer nolako izanean sinisten ote duen. Izana hobesten duen herri batek zergatik onartu behar dituen, izenagatik bakarrik, pertsona batek bere onurarako egindako "tranpak" oro. Izen batek beste guztien izanak ez ote dituen baliogabetzen.

Nire aitonak urdaiazpikoa merkexeago saldu behar izan zuen; baina den-dena saldu omen zuen, iragarri bezala, ohikoa baino ederragoa zelako. Nago, Errege Emerituaren platerak mereziko ez zuen urdaiazpikoa izan zela hura.