adrilgo Ayuso andreak botatakoekin zutabegileak ez luke gehiagorik behar; aski izango litzateke astean zehar egiten dituen adierazpenez zerbait idatzi asteroko eginbeharra aise bete ahal izateko, ironia, paradoxa, sarkasmoa, metafora, karikatura eta gainerako baliabide literarioak lantzeko aukera paregabeaz gozatuz. Horregatik, eta Madrilgo politikak duen nonahikotasunari leku gehiago ez egiteagatik, eta propaganda ez egiteagatik, tentaldian ez erortzeko zutabegintzaren jainko-jainkosa guztiei kandelak jartzen dizkiet egunero. Gaur, baina, bekatuan eroriko naiz.

Izan ere, “nik espero dut, eta horretan lan egingo dut, homosexualak eta transexualak ez daitezen kolektibizatzen utzi, herritar askeak izaten jarrai dezaten...” entzun nuenean, kolektibizatu hitza dantzan hasi zitzaidan buruan, eta lantegi sobietarrak irudikatzen hasi nintzen, arroz-soro maoistak, kartelak LGBTIQ jende irribarretsuz beterik, nahasketa bitxia, zeren orain arte kolektibizatzen zirenak produkzio-bideak baitziren, ez pertsonak. Hurrengo esaldiak argitu zidan kontua: “Ez dut onartuko elkarteek, kolektiboek eta lege bidegabeek sexuaren eta identitatearen araberako banaketa gehiago sustatzen nire erkidegoan”. Ayusok ez zuen kolektibizatu hitzaren esanahi ekonomiko zaharra erabili, kolektibo edo talde (talde ekintzaile) hitzarekin lotu zuen manipulazioa fintze aldera.

Liberalismoari buruzko leziorik perfektuena: utzi taldeak, utzi kolektiboak eta antolakuntza, eta izan zaitezte norbanako libre. Libre, baina batez ere bakartu eta isolatuak, inoren laguntza edo konpainiarik gabe, elkartasunik gabe, ez norbanako libre nahi den bezala bizi ahal izateko. Gizarte eta talde antolatuak traba baino ez dira liberalismorako. Eta talde horiek gutxiesteko hizkuntza bortxatu eta nomeklator komunistatik ateratako hitz bat erabiliko da. Jendea talde desberdinetan antolatzea ez da kolektibizatzea, baina kolektibo hitza erabiltzen denez, eta kolektibizazio komunistez kontatu dizkiguten istorioak gogoetan iltzaturik ditugunez, dena nahastu eta, hara, ona dena (taldeak eratzea) txarrena da bat-batean. Arriskutsua da andre hori.