asa den apirilean burokrazia digital bat egin behar nuen Hezkuntza Sailean eta, iaz antzekoa egitea suertatu zitzaidanez, lasai nengoen ordenagailu aurrean eseri nintzenean. Baina, inozoa ni, urtebete mendeak izan daitezke burokrazia digitalerako, dena aldatuta zegoen: hasteko gauza ez zen Eizutik egiten, Irakasleguneatik baizik, iazko pasahitzak ez zuen balio eta formularioa guztiz desberdina zen. Lortu nuen, bai, ez dakit ondo nola, gordeta nuen pasahitza ez baitzen behar zena. Burokrazia digital bera egin behar zuen lankide batek laguntza eskatu zidan pasabide ilun batean ezkutuan, ahapetik, eta gela huts batera sartu ginen, lapurren antzera: burokrazia digitalarekin arazoak dituzula aitortzeak automatikoki zahartzen zaitu besteen aurrean. Burokrazia digitala ankerra da, eta anker bihurtzen zaitu. Gero, egia esan, guztiek dituzte zailtasunak aplikatibo deitzen direnekin (hitz itsusien kopurua handitzen doa egunetik egunera).

Juan Ignacio Pérez Iglesiasen blogean sarrera bat irakurtzean (Nos acabarán expulsando del mundo) gogoratu nuen aurrekoa, baita orain egin beharreko bi burokrazia digital handiekin ditudan komeriak ere. Pérez Iglesias jaunak bankuak, unibertsitatea eta foru ogasuna, besteak beste, aipatzen ditu; unibertsitatekoa da bereziki mingarria.

Nik ere uste dut, berak bezala, burokraziaren digitalizazioak aurrera segituko duela halabeharrez, ezinbestean. Europako diruak horretarako erabiliko dituzte. Zera moderno bat. Atzean geldituko direnak atzean geldituko dira eta kito. Osakidetzak ia-ia errieta egin zien adinekoei mezuak, webguneak eta horrelakoak ez menderatzeagatik. Botere publikoek askotan proposatzen dituzten aterabideak (eskatu laguntza ilobei eta horrelakoak) umiliaziotik gertu daude eta, zer esanik ez, pentsamolde atzerakoi eta erreakzionarioa ezin hobeki islatzen dute.

Burokrazia digitalaren aurrean, lotsaturik eta meneko, burua makurtzeari utzi beharko genioke. Bestela, enprendedore jarri eta burokrazia digitalak egiten laguntzeko enpresa bat sortu besteen zailtasunekin aberasteko. Egongo da dirua horretarako, ziur.