ABI santuak erabaki du tabernak eta jatetxeak gauerdira arte, hamabiak arte, irekita egon daitezkeela EAE are santuagoan: ostalaritzako enpresari santuak pozik egongo dira, egun batez bada ere, ordu errauskine horrekin. Guztiok bezala, egia esan.

Egia esan, guztiok aurreko garaietara itzultzeko nahia edo ametsa dugu, beraz, aurrekora hurbiltzen gaituen oro Gernikako arbola santua bezala adoratzeko gai gara. Baina badirudi arlo batzuetan dena azkar (azkar edo) doan bitartean, beste zenbait arlotan pandemiak ekarritako ohiturak luzaro geldituko direla gurekin, adibidez, hi-tzordu telefonikoena Osakidetzako lehen mailako arretan. Ulertzekoak ziren hasierako beldurrak: zaindu behar gintuztenak gaixotzen ziren, larri gaixotu, eta hil; ospitale batzuetan birusak jaun eta jabe ziren, babes eta aterpea baino gehiago leku arriskutsuak ziren; osasun zentroetan itxarongeletan pilatzen zirenak birusaren laguntzaile nahigabeko bihurtu ziren. Arreta telefonikoa guztiz beharrezkoa zen, premiazko aterabidea. Gainera, baliabide falta agerian izan genuen, eta gure mito handienetako bat, Osakidetza, erortzen hasi zen.

Denbora pasa da, txertoak ditugu, eta eskarmentua. Ez al da iritsi oraindik medikuarekin lehen bezala aurrez aurre egoteko garaia? Ezin gara aurrekora itzuli, apurka-apurka bada ere, telefonoa utzi eta berriro sentitu medikuaren eskua belaun minduaren gainean? Guztiok izan dugu zer konta azken hilabeteotan medikutara joan nahi genuenean, ona, txarra eta oso txarra, eta batzuetan beldurtu gara ikusi dugunarekin.

Topiko santua da pandemiarekin ikasi dugunaz mintzatzea. Baikorra ez naizenez, ez dut uste asko izan denik ikasitakoa; zera bakar batekin konformatuko nintzateke une honetan: osasun sistema publiko indartsua edukitzea garrantzitsuena dela, eta hori lor-tzeko behar den guztia inbertitu egin behar dela. Xumea, baina ez nago seguru hain ikasgai xume eta argia agintarien buruetan grabatuta geratu denik. Ados ez daudenak ere badira; "publiko" hitzak alergia asko sortzen ditu, eta ez dakit alergia mota hori sendagarria den.