an zaila du baikorrak aurten. Otsaila hasi bezain laster, jakin dugu urtarrila pandemia osoko bigarren hilabeterik txarrena izan dela, ospitaleen egoera gero eta larriagoa dela, txertoen erritmoa, oraingoz, geldoa izango dela eta aldaera britaniarra gero eta ugariagoa dela gure artean. Hor segitzen dute, gainera, misterio batzuek: Europa osoan hirugarren olatuaz mintzatzen diren bitartean, ETBko albistegietan bigarren olatuan gaudela errepika-tzen digute; oraindik ez dut behar bezalako azalpenik ikusi. Dena dela, lasai egon gaitezke: etxeratze aginduan eta gainerakoan ez da ezer aldatuko Kataluniako hauteskundeak burutu arte; aldaketak, aldaketak egotekoan, otsailaren 15etik aurrera.

Pandemiarena gutxi izango balitz, otsaila hasi bezain laster, jakin dugu Myanmarren Estatu kolpea eman dutela militarrek eta Aung San Suu Kyi ospetsua eta beste buruzagi batzuk atxilotu dituztela; badirudi budismoaren ustezko bakezaletasunak ez dituela militarren bihotz gogorrak gehiegi hunkitu. Armadak bertako Konstituzioaren artikulu bat hartu omen du oinarri Estatu kolpea zuritzeko: artikuluak "Myanmarko Batasunaren suntsitzea gerarazteaz" hitz egiten du. Musika ezaguna da.

Pandemiarena gutxi izango balitz, irakurri dut egunkari batean Gran Canaria uhartean talde antolatuak omen dabiltzala etorkin iritsi berriak jipoitu nahian. Antolatuak jipoitzeko.

Pandemiarena gutxi izango balitz, jakin dut, Xabier Larrañagaren zutabe bati esker, Fran-tzian ez diotela eskola bati Samuel Paty izena jarri nahi, irakasleak, gurasoak eta ikasleak beldur direlako. Samuel Paty irakaslea, badakizue: lepoa moztu zion Abdullakh Anzorov-ek pasa den urrian adierazpen askatasuna zertan datzan eskolan irakasteagatik.

Hainbeste kontu tristeren artean beste kontu triste bat irakurri dut kontsolamendua aurkitzeko edo: Luchino Viscontiren Morte a Venezia filmean Tadzioren papera egin zuen aktorearen bizitzaz dokumentala aurkeztu dute Sundanceko zinemaldian: Björn Andrésen du izena eta munduko mutilik ederrena izateak ez zion zorion gehiegirik ekarri.

Lan zaila du baikorrak aurten.