asa den asteko zutabean, Paradoxak izenekoan, barre egin nuen Israelgo Osasun ministroaren kontura, adierazi baitzuen, edo hori uste nuen nik, koronabirusaren errua homosexualena zela. Nire barre horiek ez ziren zuzenegiak: badirudi hedabideetan nahasi zituztela Litzman ministroaren hitzak eta Meir Mazuz errabino ultraortodoxoarenak. Homosexualen kontua errabinoarena zen, ez ministroarena. Ministroak esan zuen soil-soilik otoitz egiten ari zela jainkoak Pazko bitartean mesias bidal zezan guztion salbaziorako. Pazko judua, Pessah deiturikoa, apirilaren 8an hasi zen eta apirilaren 16an bukatuko da; garaiz dago oraindik jainkoa. Egia esan, ez du jainkoak garai hobeagorik aurkituko mesias arrakastatsu bat bidaltzeko, jarraitzaileak erruz bilduko lituzke. Pandemiagatik diot, noski, ez Israelek bizi duen krisi politikoagatik. Bide batez, Osasun ministroaren osasun egoeraz ez dakit ezer.

Pasa den astean beste politikari bat ekarri nuen hona: Boris Johnson lehen ministro britaniarra. Zaintza Intetsiboetatik atera da, baita ospitaletik ere, eta itxialdia edo susperraldia edo deitu nahi duzuen bezala igaro behar duenez, lehen ministroen bigarren bizilekura joan da. "Bizilekua": hitza pobreegia irudi-tzen zait Chequers, horrela deitzen baita lekua, izendatzeko. Badakizue, Ingalaterrako nobleek zituzten luxuzko landetxe dotore horietako bat, ezin aproposagoa amodio istorio viktorianoak, hilketa eduardianoak edo azpijoko politikoak irudikatzeko (film eta liburu gehiegi, bai). Margaret Thatcherren senarrarentzat Chequers omen zen karguak zuen onena. Argazki pare bat ikusi eta pentsatu dut hamar berrogeialdi pasako nituzkeela nik bertan. Bigarren bizilekuen gaia askorako ematen ari da pandemia bitartean; esango dute, gero, klase sozialik ez dagoela. Askorako ematen ari den beste gai bat da ospitalean Johnson jauna artatzen egon zirenen artean bazirela erizain atzerritarrak, etorkinak, migratzaileak. Eskerrak eman dizkie.

Ziur naiz Chequers horretan ere zerbitzuan (sukaldariak, garbitzaileak, lorazainak...) atzerritarrak, etorkinak, migratzaileak egongo direla. Zelako gauzak.