erradiskidetzea izango da erabileraren erabileraz gehien hustu ditugun hitzetako bat. Gizarte eta norbanako gisa ere hustu gaituen gataxka akigarriaren hondarrean, noizbait adiskide izan zirenekiko txarrantxa-hesia eraitsi behar. Erantzukizunak berdinak ez badira ere, ahalaginak bi aldeena behar nahitaez.

Ustez elkarrengandik urrunen leudekeenak aldeetako batean gotortuta egon dira: bortxarenean. Eta han ere erantzukizunak ez dira maila berekoak, estatuaren diruz eta baliabidez hornitutako terrorismoak larrigarri etiko astuna du. Oraindik ere badakuskigu hartutako bidearen zilegitasunari uko egin nahi ez dioten gaizkileak. Errazagoa da hartutako erabakien bidezkotasunean konbentzimendua erakutsi eta frontekide baldintzagabeen esku-zartetan loriaturik bizitzea, agi danez, geratzen den mundualdia iraganean egindako bidegabekerien zamaz igarotzea baino. Rafael Verak ez du damu izpirik adierazi, eta zenbait hedabidek ahotsa ematen diote maiz-maiz, haren ekintza frogatuak sekula terrorismo hitzarekin lotu gabe; Villarejo oiloez ari balitz bezain lasai mintzo da desagerraraziez, inolako barren-kezkarik azaleratu gabe; eta Ramon Jauregik, GALen basakerien garaian ardura politiko handiak zituen gizonak, Espainiako Estatuak barkamena eskatu beharrik ez duela esan du, ekintza guztiak estatuko segurtasun indarrek eta estatuaren sosez burutuak izan zirela jakina den arren. Besteei ardurak eta damua eska-tzeko zer zilegitasun du norbere erantzukizunei ixkin egiten dienak?

Bateratsu doaz antzak eta gantzak. Verari eta Barrionuevori kartzelako ateraino lagundu zien presidente ohiak ulertu behar lituzke etakideei egiten zaizkien ongi etorriak. Funts bera dute. Aitzitik, gehiago ez bide dugu horrelakorik izango hemen, ahal duen heinean saihestuko omen ditu Sortuk. Ez dut zalantzarik ahal horren heinaz. Fede oneko biktimen eskaerak aintzat hartuko omen dituzte. Nor ote fede oneko Rodriguentzat? Eurekin enpatizatzen dutenak, menturaz? Gainerako biktimen mina aintzakotzat hartzekoa ez dela deritzonak badu oraindik zein bide urratu konfiarantzaren eta ilusioaren sozializazioan.