ila aldiz leporatu izan diogu botere unionistari beti agintea berea izan duenaren nagusikeriaz mintzatzea. "Tan vasco como español" sentitzen denarentzat erraza da ezarritako legedia bere horretan errespetatu eta bete behar dela esatea. Beste alor batean, ordea, boterea beti berena izan dutenetarikoa naiz. Gizaseme eta hetero garenok ez dugu ezertan saiatu beharrik izan, dena alde izan dugu -dugu oraindik-, ia ohartu ere egin gabe. Edo ohartu bagara ere, oso erosoa zen oldeari jarraitzea. Izan ere, emakumeen arteko askok ere gaizki ikusten zuten -dute oraindik- ezarritako egiturak iraultzea, gizarte gisa hain geneukan barneraturik -daukagu oraindik- botere-eskala. Une jakin batzuetan desesoroa izan daitekeen arren, oraindik askoz errazagoa da nagusi izaten jarraitzen duen olde horren inertziaz bizi-tzea. Deserosoa da arrazoiketarako, dialektikarako, baina praktikan mila abantaila ematen ditu oraindik.

Abantailei uko egiten hasteak eguneroko zamak dakartza; irakurketa kritikoak geure hainbat jokabiderekiko arbuioa, lotsa eta haserrea. Ahalegin horren baitan ulertu beharrekoa dateke Fernando Aranburu idazlearen azken liburua: los vencejos. Egin dizkioten elkarrizketa ugarietako batean emandako erantzun bat lore-hautsa udaberrian bezala zabaldu zen. Mingarria zen, iraingarria. Denentzat, baina gizasemeentzat bereziki. Arren jokabide gaitzesgarriak berezko sexu-irrikaren kontrolaezintasunean arrazoitzen zituen. Prostituzioaz ari zen, baina gizasemeon ustezko kontrolik ezaren teoriak askatasun sexualaren aurkako edozein eraso mota justifika dezake. Genero osoari zaborra botatzeaz gain, hainbat eraso eta delitu zuritzeko modu koldar, interesatu eta bidegabea da. Noiz eta, hain zuzen, berdintasunak eta justizia sozialak erantzukizuna eta konpromisoa eskatzen dituzten garaian.