Aste honetan bi pertsona hil dituzte bortxaz Euskal Herrian. Asteazkenean hemezortzi urteko mutiko bat hil zuten labankadaz Gasteizen. Ostiralean Sestaon gizon baten gorpua atera zuten uretatik. Haren etxekoei gertaeraren berri ematera joan zirenean ohartu ziren pertsona hura ez zela biktima, hiltzailea baizik. Emaztea aizkorakada batez hil zuen bere buruaz beste egin aurretik. Lehen biktima mutila zen, bigarrena emakumea. Hiltzaile biak gizasemeak. Ia beti bezala.

Aste honetan bertan mezu hau irakurri dut sare sozial bateko horma batean: "Arazo pertsonalengatik, nire sare sozial guztiak ixtea erabaki dut, bolada baterako behin-tzat. Itzuliko naiz, neure burua horretarako moduan ikusten badut. Sare honetako pertsonaren batek nirekin harremanetan jarraitu nahi badu, idatz diezadala mezu pribatu bat eta ikusiko dugu nola bidera dezakegun. Eskerrik asko denoi, familia. Zaindu zaitezte. Bihar gauerdian ezabatuko ditut nire kontuak. Agur."

Desagertzea erabaki duen pertsona horrek ez du beste erremediorik izan. Genero indarkeriaren biktima da, beste gizaseme baten biktima. Duela hilabete batzuk bizi zen hiritik beste batera alde egin behar izan zuen, gerta zekiokeenaren beldur baitzen. Salaketa jarri zuen eta erasotzailea kartzelan sartu zuten. Epaiketa hurbildu denean, gaizkileak berriz ere lokalizatu duela konturatu da. Horregatik erabaki du arrasto guztiak ezabatzea. Eta, hilabete gutxian bigarren aldiz, beste hiri batera ihes egin behar izan du. Ez du ezeren errurik, baina ihesi bizitzera kondenatuta dago. Auskalo noiz arte. Auskalo zenbat bezala.