Ziritik
Z

Azkena pentsatu

25.10.2020 | 11:04
Xabier Euzkitze.

Xabier Amuritzak mistika pixka bat kendu bazion ere –bertsoak egiten irakats eta ikas daiteke, Hiztegi Errimatua...–, inprobisazioak, edozein egoeratan ezerezetik zerbait sortzeko gai izateak, beti izan du misterio eta magia kutsu bat. Jakina, bertsolariak sekula ez du ezerezetik sortzen. Berezko dohain harrigarri edo kamutsagoen atzean beti egoten da aurrez egindako lanaren oinarria, luzaroan ureztatu eta ongarritutako lurraren babesa: errima almazena, bertso zaharrena, doinutegia, bere modutsukoekin landutako dialektika, arrazoiketa, hizkuntza landu eta ontzeko ahalegina, diskurtsoa saio bakoitzean aurrean dituen entzuleen soziologiaren arabera moldatzekoa... To ezereza! Lanketa horrek guztiak mila amarru eta tranpatxoz jabetzeko bidea ere ematen du. Ni neu, esate baterako, Anatx bertsolari adiskideak emaniko informazio bati esker ohartu nintzen bat-batean kantatzea ez zela ordura arte iruditu izan zitzaidana bezain zaila: "Hi, bertsolariak azkena pentsatuta hasten omen dituk kantuan!". Kolpetik, lanak izugarri errazten zituen gako bat eman zidan. Koska asko ditu, halere, batbateko jardunak: aurrez pentsatutako azken horretara nola iritsi, bidea nola prestatu logika eta indarra izan dezan... Batzuetan, zoazela-zoazela, ahantzi ere egiten zaizu. Bertso ipurtarinaren ondoren, ohiko juzkua izaten da: azkenak alde egin ziok. Pandemiak inprobisatzera bortxatu ditu mundu zabaleko agintari, zientzialari eta osasun arloko langileak. Lanak aurreratuen zituztenak ere kontrapausoan harrapatu ditu COVID-19ak, baina baldintzarik gaitzenetan balio du gehien aurrez egindako lanak, behar bezala ongarritutako lurrak. Hor dihardugu, hala moduz. Erabat ezezagun zitzaigun gaiaz, neurririk eta doinurik erabakitzeko astirik izan gabe, azkena pentsatzeko betarik gabe, mikroari heldu eta kantuan hasi behar. Eta denak totelka.