Aktualitateak berehala uzten dio aktualitate izateari. Aholkulariak horrelaxe irudikatzen ditut eskandalu batek astindutako agintariaren aurrean: "Ez kezkatu, presidente jauna, egun gutxi barru inor ez da honetaz oroitu ere egingo, beste eskandaluren batek hartuko dio gaina, eta saiatuko gara gure aurkari politikoena izan dadin." Demokraziaren zimenduak astintzen dituzten eskandaluak, zorionez, itzuli egiten dira. Asteon GALen sorrerako garaiez gogoratu naiz ostera, nola bizi izan nuen neuk, nola nire inguruak. X jaunaren agindupean sortutako talde terroristak Ramon Oñederra Kattu azkoitiarra hil zuen. Huraxe izan zuen, gainera, bere gain hartutako lehen hilketa. Ramonen gurasoek gure ezkaratzetik hamar metrora zuten denda, plaza berean haziak ginen. Hura zaharxeagoa izan arren, asko ibiliak elkarrekin. Ihes eginda zegoela bagenekien, baina ez zitzaigun iruditzen erantzukizun handirik izan behar zuenik. Katturen hilketa gaitzeko astindua izan zen. Orduan Lekarozen ari nintzen ikasten. Gure tankerako beste gutxi batzuk ere baziren, baina profil bakana ginen. Gure Citröen Visa xaharrak atentzioa ematen zuen ikastetxeko aparkalekuan, enpresarien semeak ziren gehienak. Haietako hainbaten familiak ETAren estortsioa pairatzen ari ziren, eta bati baino gehiagori egoki begitandu zitzaion begia begi truk egitea. Errefuxiatuek ikas zezatela zer zen bakarrik ibili ezina, auto azpian begiratu beharra, beldurrak airean bizitzea. Bortxa ororen aurka egotea, eta zeundela adieraztea, jarrera zail eta deserosoa bihurtu zen gure inguru zabal guztian, baina indarkeriaren aurkako jarrerak ekidistantzia bakarra onartzen du: denetatik urrunen dagoen puntua. Bortxaren kontrako jokaerak, aldiz, denei indar berberaz aurre egitea. ETAren basakeriari aurre egin zionak, baina, bazuen zama erantsi bat: Espainiako gobernuaren muin beretik sustatua izatea. Begia begi truk eginik, demokrazia utzi zuten begibakar, herren, kolokan. Hainbeste urteren buruan erantzukizunari muzin egiteak noraeza areagotu baizik ez du egiten, eta enpatia soziala bortizki zauritzen. Ez dakit nork esan zuen besteren mina, mina baino gehiago besterena dela.