Asko dira, zorionez, gure herrietan lan estimagarria egiten duten mugimendu eta elkarteak. Ezagutzen dut zientziaz jardunaldi mamitsuak antolatzen dituen bat. Azken saioan koronabirusak sortutako egoera izan dute aztergai. Youtube bidez egin dute, zuzenean, bakoitzak bere etxetik ziharduela. Bi aditu eta lau galdegile. Bi adituetako bat euskaraz maila eta jario handikoa, bestea belarripresta. Galdegileak denak euskaldun zaharrak. Horietako batek egin ditu aurkezpen eta koordinazio lanak. "Arratsalde on!" esanez abiatu du saioa, eta "eskerrik asko!" esanez amaitu. Tartean ia ordu eta erdi erdara hutsean. Youtubek horretarako ematen duen aukera baliatuz, ikusleetako batek galdera hau egin du: "Zergatik hainbeste euskal hiztun erdara hutsean?" Erantzuna antolatzaileetako batek bidali dio biharamunean. 904 bisita izan ditu emankizunak. 83 Madriletik sartu dira, 43 Santa Cruz Tenerifekotik, hemeretzi Valentziatik, bederatzi Mexikotik, sei AEBetatik, bost Argentinatik, hiru Herbehereetatik, bina Erresuma Batutik, Frantziar estatutik eta Alemaniatik, eta bat Austriatik. Datu horiek antola-tzaileen hautua indartzen dute: "Hor daukazu erantzuna. Gu oso pozik atzokoaz. Mundu zabalean izan genuen erantzuna, eta hori zen helburuetako bat. Koronabirusa, zoritxarrez, ez da Euskal Herrikoa bakarrik." Bakoitzak bere helburuak ditu. Eta bere irakurketak. Datu horietan agertzen denez, bisiten %53 emisiogunetik sei kilometroren zirkunferentzian izan ziren. Gune horretan herritarren euskara-gaitasuna %75ekoa da. Ez dakigu mundu zabaletik sartu zirenetan zenbat diren euskaldunak. Eta inoiz ez dugu jakingo zenbat euskal hiztun gehiago sartuko ziren emanaldia euskaraz egina izan balitz belarriprestaren gaztelania ontzat emanda. Edo sartu ginenotako zenbat goibeldu gintuen euskararen presentziarik ezak. Bakoitzak bere lehentasunak, bakoitzak bere herri-ikuskera. Beharbada neure mundu-ikuskera da murritza.