Real Madrileko Toni Kroos jokalariak bete-betean jotzen du alemaniar estereotipoan. Talde hartan egin zuen topo Mesut Özil futbolariarekin. Herrikideak dira, selekzio bera ordezkatzen dute: Alemania. Özil, ordea, nekez irtengo zen bizirik 80 urte lehenago sortu izan balitz; ez da ariarra, eta erreparorik gabe aitortzen du musulmana dela. Orain Londresko Arsenal taldean diharduen jokalariak publikoki salatu du Txina Uigur herriaren aurka burutzen ari den zapalketa eta asimilazio politika. Komunitate musulmanak basakeria horren aurrean isilik jarrai-tzea ere salatu du. Arsenal taldeak adierazi du ez duela inolako zerikusirik jokalariaren salaketekin. Zergatik esan behar izan ote du horrelakorik? Txinak neurriak hartu dituelako. Arsenalen azken partida ezin izan da ikusi herrialde hartan. Horren ondoren beste zenbait neurri ere etorriko diren beldur, itogina gelditu nahi izan du taldeak, zeinak interes komertzial handiak baititu han. Ez dakit Özilek gaiaz gehiago hitz egingo duen.

Bartzelona futbol taldeari ere erasan diote Gerard Piqué katalanaren hainbat jarrera eta adierazpenek, baina hura ez izaki erraz isiltzekoa. Hor jarraitzen du, independentziaren aldarria eta Espainiako selekzioan jokatzea uztartzen, koheren-tziaren soka mehearen gainean oreka bila.

Albacete futbol taldeko Roman Zozulya ukrainiarra ere ez da beti disimuluan ibilia, orain iraganeko adierazpen eta argazkiak ezabatu nahirik dabil baina. Neonazia da. Hori egiaztatzen duten arrasto argi gehiegi utzi ditu prentsaurreko batean bere irudia zuritu ahal izateko.

Futbol izarrei ez zaie askorik eskatzen "futbola futbola da" esaldiaz kanpo. Halere, ez dago soberan duten oihartzuna bidegabekeriak salatzeko erabiltzea. Edo eurenak bistaratzeko.