Boteprontoan

Gasolina

09.04.2021 | 00:32
Gasolina

Duela gutxi itxaropenari buruz hitz egin nuen asko miresten dudan pertsona batekin. Itxaropenari eusteko beharraz eta, aldi berean, zailtasunei buruz aritu ginen. Itxaropena egunero behar dugun gasolina da, funtzionatu ahal izateko. Izan ere, botila erdi beteta ikusi gabe, erraza baita hutsean itotzea. Horretan bat etorri ginen.

Itxaropenari eustea, baina, ez da autolaguntza-liburuek edo inguruan dugun coach armada berriak sinetsarazi nahi diguten bezain erraza. Ez da erraza, are gutxiago pandemia baten erdian, baina, ez gaitezen engaina, ezta lehenago ere. Ez da erraza itxaropenari eustea gizon gazte bat, maskulinotasun zaharkitu baten erakustaldia egiten ikusten duzunean semaforo baten gainetik salto eginez; gizon talde batek bortxatu duen neska bat epaiketan berriz ere bortxatua izaten ari dela sentitzen duzunean; ultraeskuina gero eta adoretsuago dagoela eta komunikabideetan leku gehiago hartzen ari dela egiaztatzen duzunean; ahotsa altxatzen duten emakume batzuk sare sozialetan bortizki irainduak direla ikusten duzunean; Mexiko eta Estatu Batuen arteko mugan abandonatua izan den hamar urteko mutiko baten negar zotinak entzuten dituzunean; merkataritza-guneak beteta eta liburutegiak hutsik daudela ikusten duzunean...

Beharrezkoa da munduan gertatzen diren bidegabekeria eta injustizia askoren aurrean mina sentitzea eta adieraztea. Ez dugu hori baztertu behar zoriontasunaren guru batzuek aholkatzen diguten bezala.

Baina, hala ere, beharrezkoa da nonbaiten gordeta edukitzea itxaropen apur bat, garai batean Gabon gau batetik bestera ogia gordetzen zen bezala, aurrera egin ahal izateko. Gasolina hori gabe zaila da egunero egiten dugunari zentzu bat ematea. Agian mundu honetatik gustatzen ez zaiguna aldatzen saiatzeak zentzua eman diezaioke gure bizitzari. Baina horretan, argi dago, lana soberan daukagu. Gasolina asko behar dugu, bai, egin beharreko kilometroak ere asko direlako.