noiz baino gehiago izan dugu aurten urte berri bat hasten zela sentitzeko beharra. Haurrak ginenean bezala, eskolako lehen eguneko koaderno berriaren usaina aditzeko beharra izan dugu, inoiz baino gehiago. Aukera berri bat dugula sentitu, nazka hartuta genion urte baten amaieran. Eta, hara, urte berriarekin, elurra heldu da, berriz zerotik hastearen metafora modura, koaderno zuri erraldoi bat zabaldu da gure inguruan. Haren gainean gure bizitza idatzi ahalko dugula sinestaraziz. Kaleak izoztu dira, arbolak, teilatuak, mendiak zuritu, min egin digu zuriak begietara. Eta horixe behar genuen, argia sentitu begietan, irteera gertu dagoela sinisteko. Argia badatorrela.

Egunkari bat hartzea besterik ez dago, urte batetik bestera gauzak ez direla aldatzen egiaztatzeko, baina, hala ere, zelako beharra dugun, inoiz baino gehiago, aurten gauzak beste modu batera gertatuko direla sinisteko. Eta elurrak urte ilun baten ostean argia ekarri digun moduan, ekarri digu baita ere isiltasuna, zarata gehiegi dagoen une batean; eta ekarri digu elur maluten geldotasuna, azkarregi doan bizi-tza baten erdian. Eta guk eskertu egin diogu elurrari bere zuritasuna, gauzak izozteko duen ahalmena, lurrari ura poliki-poliki, zurrutada txikietan, emateko duen abilezia. Gu ere zurrutada txikietan hasi gara irensten urte berria, ez dugu kontrako eztarritik sartzerik nahi eta. Emeki hartu nahi dugu, etorkizun urrunera begirako planik egin gabe, minutu bakoitza dastatuz. Eta urte berri honetako minutu bakoitzari jarri diogun atentzio horrek erakutsi digu, besteak beste, elurra berdin-berdin pilatzen dela zure teilatuan eta neurean. Elurra egiten duenean, denentzat egiten duela, alegia, eta badaudela elurra bezala beste hainbat fenomeno, izan daiteke pandemia bat, gerra bat, krisi bat€ esperientzia kolektiboak direnak. Eta elurrarekin gertatzen den bezala, bakoitzak bere etxe aurrea garbitu behar duela, kale guztia garbi egoteko eta denek eroso ibili ahal izateko. Elurrak ekarri digu bere lezioa beste behin. Adi harrapatu gaituela sinistu nahi dut.