Simulakroaren aroa

06.08.2020 | 19:46

UZTAILEAN izan genituen hauteskundeak, eta handik ona, egunerokotasun politikorako hain beharrezkotzat jotzen den Eusko Legebiltzarra aste honetan eratu da. Aurtengoa hamabigarren legegintzaldia izango da, eta berezia izango da oso, guztiok ezagutzen ditugun pandemiaren ezaugarriengatik. Ez dute politikoek lan makala izango birusak ekarritako normaltasun arraro eta ezberdin horri aurre egiteko, eta garaiok eskatzen duten aldaketa sozio-ekonomikoa bideratu ahal izateko. Une egokia da bide berriak esploratzeko, eta ekonomiak, ekologiak, industriak, hezkuntzak, eta gizarteak izan ditzaketen bertsiorik modernoenetan arakatzeko ere.

Aste honetan baina, legearen egile eta zaintzaileak (guztira 75 legebiltzarkide) bildu dira berriz, nork bere tokia hartzeko, eta guztien aurrean, gidari izango duten mahai printzipaleko bost kideak nortzuk izango diren aukeratzeko. Ez dirudi berrikuntza handirik egon denik, izan ere, Bakartxo Tejeria jeltzalea izango da bertako presidentea hirugarren aldiz. Lagun handiak egin diren bi alderdien botoek bermatu diote presidenteari kargu ezaguna. Besteoi bost axola, jakin badakite nor aterako den. Eta hiru letra dituen alderdi negargarriak bere buruari eman dio botoa. Presidentearen ondoan ez da zorionez, eskuineko eta ultraeskuineko sasi-politikorik egongo, botoen arabera kanpoan gelditu baitira.


Eusko Legebiltzarrean (aurten 40 urte betetzen ditu) hasi berria den agintaldi honetan bertaraturiko politikoek pandemiaren kontrako estrategiak eta planifikazio egokiak eta eraginkorrak landu eta osatu beharko dituzte, bai eta ideia konstruktibo guztien arteko zubiak eraiki, gizarteak behar dituen hobekuntzen bidez biztanle guztiek, guz- tiek, aurrera egin dezaten, eta hain gertu dugun prekarietateak toki handiagorik irabaz ez dezan.

Ezin da errealitatea gehiago perbertitu, ez behin-tzat politikoek hain sarritan erabiltzen duten lengoaiaren bidez. Lengoaiak errealitatea ukatzen duenean gezurra mozorrotzen ari da, eta hori gaur egun ia arte bat bilakatu da. Ezin gara simulakroaren aroan gehiago bizi.