Niretzat Gabonak Gasteizko Florida parkean jaiotza jartzen dutenean hasten dira eta, ondorioz, amai-tzen dira jaiotza kentzen dutenean. Aurten pasa den ostiralean, hilaren 17an, desagertu ziren Florida parketik jaiotzatik gelditzen ziren azken hondarrak. Ez da haurtzaroarekin lotutako nostalgia ariketa, egunero parkea zeharkatu beharrak sortutako interesa baizik, eta beharbada, interesa baino gehiago, ezerosotasun txikia. Nolanahi ere, kemen menderaezinaren jabe, ezerosotasun txiki horiek gainditzen ikasi dut ustekabe balizkoen zain, parkean usu agertu baitzaizkit ustekabeak.

Aurten ustekabe handiena musikatik etorri zait, jaiotzak parkeko soinu-paisaian ere eragina baitu: txakurren zaunkak en-tzuten dira, ardien beekak eta behien marruak, eta, jakina, gabon kantak. Egun batean parkea zeharkatzean "somewhere-over-the-rainbow-skies-are-blue" entzun eta automatikoki hasi nintzen kantatzen nire buruarekiko, gay harrotasunez beterik baina guztiz harrituta: gay himno ezagunak jaiotzaren erdian betiko gabon kanten artean entzuteak disonantzia kognitibo izurragia sortu zuen nire baitan, segidan jarri zuten "mesias-sarritan-agindu-zana" kantak apaldu ez zuena. Hiru errege magoen ordez hamaika drag-queeneren desfilea irudikatu nuen, eta jaiotza bertan dauden estatua batzuk bizirik (errementaria eta soldadu erromatarra, besteak beste) horrelako desfileetan dauden nahitaezko marimuskuluak ordezkatzeko. Hurrengo egunetan parkea zeharkatu behar izan nuenean, Over the Rainbow entzuten ez banuen tristetzen nintzen, jaiotza girotzeko erabilitako bertsioa oso mengela bazen ere (ai, Judy Garland). Musika prestatu zutenek bazekiten zertan ari ziren? Gure seme-alabak maritxu-marimutil bilakatu nahi ditu Gasteizko Udalak? Konspiraziorik?

Hilaren 7rako ez zegoen musikarik, ez estatuarik. Zuhaitz batean zintzilik zegoen aingerua gelditzen zen bakarrik (eta etxetxoak eta Herodesen jauregitxoa). Hari begira egon nintzen, hain androgino, hain ez-binario, esanahi ezkutu bat antzeman nahian, erresistentzia moduko bat irudikatu nahian.