Presidente espainiarraren inbestidurarena askorako ematen ari da; orainaldian idazten ari naiz hau, zeren bigarren saioa hastear baitago une honetan bertan (ez-zuzenekoaren kontuak). Zutabegileok tenplu dodekastilo asko eraiki ahal izango ditugu hurrengo asteetan inbestidura saioetan ikusi eta entzun ditugunak aletzen: Inés Arrimadasen imintzio harropu-tzak, Adolfo Suárez Illanasen setakeria nerabea, eskuinekoen jendetasunik eza, Aitor Estebanen zinefilia, Teruel Existekoen kriminalizazioa eta abar.

Ni inbestidurarekin zerikusi zuzena izan duten baina Kongresuan entzun ez diren adierazpen ba-tzuekin geratuko naiz gaur: Espainiako eliza katoliko erromatarraren apezpikuek egin dituzten adierazpenekin hain zuzen ere. Blázquez apezpikuari, antza, ezinegona sortzen dio hurrengo gobernuak eta Cañizares artzapezpikuak, RuPauli berari ere gustatuko litzaiokeen kardenalen kapa luze-luze eta gorri-gorria batzuetan eramaten duen horrek, Espainiaren alde otoitz egin behar dela esan du egoera kritikoa, larria, omen delako. Ohikoa den bezala, apezpiku katolikoek interes materialak ezkutatzen dituzte otoitz santu horien atzean, hurrengo gobernuak ukituko dituelako apur bat, apur bat baino ez, eliza eta erlijio katolikoek dituzten pribilegioetako batzuk. Apur bat. Apur bat baino ez. Hurrengo gobernuak adierazi du inmatrikulazioak aztertzeko asmoa duela, Erlijioa ikasgaia ez dela kalifikazioen batezbestekoan sartuko (lehen bezala), sexuaren araberako segregazioa duten ikastetxeek ez dutela dirulaguntzarik jasoko eta kito. Ikusteko dago hori guztia beteko den ala ez. Espainiaren eta Vatikanoaren arteko konkordatuak hor segituko du, jakina, Munilla apezpikuak bere negozioekin segituko du Donostian, eta Gasteizko apezpikuak, Elizalde jaunak, irratietan segituko du ikastetxe erlijiosoen goraipamena egiten etengabe.

Otoitzekin nahikorik ez eta oposizioarekin bat egingo dute apezpiku katoliko espainiarrek berehala, apokalipsia predikatuko digute eta kaleetan ikusiko ditugu laster. Zutabegileoi ez zaigu gairik faltako.