Behin baino gehiagotan ikusi dut azken egunetan telebistan Kataluniakoa dela eta: aurkezle-kazetaria, unean gertatzen ari denarekin nekatuta agian (harritzekoa ez dena ere, egunerokotasuna aspergarria izan daiteke batzuen-tzat), etorkizunari buruzko galderak egiten dizkio ondoan dituen tertuliakideei, kazetariak ere direnak edo politologoak edo politikariak edo unibertsitate irakasleak; galderen egitura antzerakoa da beti: haratago begiratuta..., orain dagoen beroaldia pasa eta gero..., epe motza alde batera utzirik..., eta orain zer? Eta orain (gero, alegia) zer?

Egia da etorkizuna edo geroa (ez da gauza bera Anjel Lertxundik esan zigun bezala, baina gaurkoan zilegi bekit berdintzea) igarri nahi izatea gu bezain kontu zaharra dela eta, hegaztiei begira denbora ematen zuten augure publiko eta ofizialak ez ditugunez, antzinako Erroman bezala, analistei eman behar diegula hitza. Ez diet nik meriturik kendu nahi analista horiei guztiei (errespetu handia izan diet augureei betidanik) eta ez nioke uko egingo geroa (eta loteria zenbakiak) asmatu nahi izatearen tentaldiari, baina eta-gero-zer-eta-gero-zer horretaz gogaiturik telebistari egin nion oihu atzokoan: Eta orain zen? Eta orain zer? Orain, orain.

Orain dagoen harrizko orain hau, batez ere Katalunian daukaten orain mugiezin hau, gogorregia da, orainegia da etorkizunean pentsatzen hasteko. Bai, zoragarria izango litzateke orain honetatik lehenbailehen aldendu eta etorkizun distiratsu batera ihes egitea, baina ezinezkoa da, orainak, hautsez beterik eta inolako dirdirarik gabe, beti harrapatuko gaitu. Zer esanik ez, kartzelan daudenek ez dute etorkizun handirik, orain astun eta luze bat baizik. Erreza izango li-tzateke orain hau apur bat behintzat arin-tzea, aski ezaguna baita aterabidea (erreferenduma), baina, beste behin esan nuenez, erreza bezain ezinezkoa, Espainiako Erresumak ez baitu erreferendumik inoiz baimenduko. Bitartean orain hau. Eta orain zer? Orain, orain. Hobe genuke orainean bizitzen ikastea, zer gerta ere.