Errezatzea ez da delitua, eta horretara elkartu izan ohi dira Easo kaleko Askabide klinikaren aurrean, urte luzez, abortuaren aurkako aldarriak eskuetan. Aurtengo kartelak “No estás sola, podemos ayudarte” zioen; iazkoak, berriz, “Rezamos por tu bebé”. Ama Birjinak abortatu ahal izan balu... Klinikak 2003an ireki zituen ateak lehenbizikoz, eta harrezkero bildu izan dira han, “errezatzera”: hasierako urteetan, ate ondo-ondoan, alde egin aurretik elizako kandela gorriak utzita; gerora, berriz, errepidearen bestaldean, erbestean. Eta hantxe jarraitu dute, gaur egun arte, garizumako erritual bilakatu arte. Errezatzea zilegi da horretarako aproposak diren eremuetan egiten denean; abortuak egiten dituen zentro baten aurrean, ez. Are gehiago, legearen aurka doa (zorionez) joan den apirilaren 12a ezkero, emakumeon oinarrizko eskubidea den haurdunaldiaren etetea askatasunez gauzatzea eragozten duelako: hiru hilabete eta urtebete arteko kartzelarekin edo komunitateko lanekin zigortuko dira, ondorioz, horrelako ekimenak hemendik aurrera. Hala ere, ez dira horren beldur datorren maiatzaren 7an “Rezar no es delito” lelopean abortuaren aurkako prozesioa deitu duten talde ultraeskuindarrak. Haien asmoa, Donostiako Koldo Mitxelena liburutegitik abiatuta Askabide klinika pareraino prozesioan joatea, “Viva Cristo Rey” dioen gurutzea lepoan, megafonoa eskuan eta arrosarioa ahoan, joan den apirilaren 2an (lotsagabeki eta lotsagarriki) egin zuten bezalaxe. Tartean izango dira Vox-eko jarraitzaileak eta hautagairen bat edo beste, azken aldian izanziren moduan.Errezatzea ez da delitua, baina ez dezagun nahasi otoizte soilarekin bi hilabetean bigarrengoz deitu duten ekimena: hori jazarpena da, intimidazioa da, eta erasoa da, emakumeon sexu- eta ugaltze-eskubideen aurkako eraso zuzena, eta hala jasotzen da Espainiako Senatuak onartu berri duen 4/2022ko apirilaren 12ko legean.Ez dezagun ahaztu abortua emakume guztion oinarrizko eskubidea dela, eta erakundeak herritarren oinarrizko eskubideak babesteko daudela, beste ezeren gainetik. Horrenbestez, Donostiako Udalari, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailari, edo dagokionari: utzi behingoz bestaldera begiratzeari eta har itzazue neurri eraginkorrak horrelako ekimen iraingarriak gure kaleetatik behin betiko ateratzeko. Lehenik eta behin, emakumeon eskubideen aurka doazelako, eta bigarrenik, legez kanpokoak direlako. Gure gorputzen gaineko erabakia gurea da, gurea bakarrik. Errezatzera, elizara.