Sarritan belaunaldi arteko elkarbizitza arazo bezala ikusi izan dugu erakundeetan eta baita gizartean bere osotasunean ere. Balore eta egiteko modu desberdinen talka, esperientziaren estabilitatea eta eraldaketa grinaren arteko gatazka. Bizitzari berari emandako zentralitatearen eta lanaren balio galeraren arteko txokea. Zer esanik ez dago gizartean azken urteetan emandako gertaerek belaunaldi desberdinak inoiz baino urrutiago egotea eragin duela, bai baloreetan eta baita konpromisoetan ere. Edo horrela sinistu dugu.

Eta bizitzen ari garen testuingurua aukera bat balitz? Belaunaldien arteko nahasketa honek gizarte hobe baterantz bidea egitea ahalbideratuko baligu? Edota, pertsona bezala ere hazteko aukera luzatuko baligu?

Egoera bat aztertzeko begirada edo hori sailkatzeko aukeratutako terminologia bera aldatze soilak ateak zabal ditzake. MONDRAGONeko kooperatibetan bost belaunaldi desberdin lanean dabiltzala errealitate bat da, guk aukeratutako errealitate bat, gatazka bezala ikusi beharrean aukera bezala ikusi dezakeguna.  

Belaunaldi bakoitzaren identitatea

Belaunaldi bakoitzak lanari eskatzen dion hori karakterizatzeko ohitura daukagu. Hainbat ikerketa aurkitu ditzakegu gazteek lanean baloratzen dutena jasotzen dutenak, gehienak Europa edota Estatu Batuetako gizartean oinarritutakoak. 2020an Euskal Autonomia Erkidegoko 1.071 gazteren (22-40 urte) lagina hartuta, ikerketa bat garatu genuen MONDRAGONetik. Bertan ondorioztatutakoak 2025 urte hasieran  Bizkaiko Foru Aldundiak gauzatutako ikerketan berretsi dira:

  • Gazteek gustuko dituzten lanetan jardun nahi dute, berrikuntza eta kreatibitatea baloratzen dituzte, profesionalki hazten laguntzen dienak.
  • Bizitza lanarekin uztartzeko aukera ematen dienak, etxetik gertu daudenak, malgutasuna daukatenak.
  • Hemengo erakunde handietan lan egin nahi dute, beren lanak onura edo inpaktu bat sortzen duela ikusiz.

Hau horrela, 2020an egindako ikerketan antzeman genuen lanean baloratzen den aniztasun horren atzean bazirela beste bi aldagai: generoa eta bizi zikloa.

Emakumeek aukera berdintasuna izatea eta enplegu iraunkor eta seguru bat izatea bilatzen dute, batez ere 30 urtetik aurrera. Bizitza pertsonala eta profesionala uztartzea eta lan giro osasuntsua egotea garrantzitsua da beraientzat.

Gizonek aldiz, beraien lan baldintzak hobetzea, enplegu seguru eta iraunkorra izatea eta ordainsari pakete erakargarri bat izatea lehenesten dute. 35 urtetik aurrera, berriz, garrantzia hartzen dute kontziliazio aukerek eta aukera berdintasunak.

Beraz, datu hauekin, belaunaldiak dakarrenetik haratago, bakoitzaren bizitza-zikloak eta generoak ere eragiten dutela ikus genezake. Eta azken hauek pisu gehiago daukatela ere hausnar genezake, agian. Pertsona bera entzuteko eta ulertzeko beharra plazaratzen da, orain arte pentsatzen ez genituen multzokatzeak egiteko aukera zabalduz: adina, zaintza beharrak, garapen grinak, bizitokia, nazionalitatea, eta abar. Betaurreko guzti hauek pertsonalizazioa eskatzen dute; kolektibo bakoitzari entzun eta erakundeak diseinatutako marko orokor hori beraien beharretara itzultzeko beharra.

Sartzen eta irteten direnak

MONDRAGONeko kooperatibetan pertsonen joan etorria nabaria da. Gaurko profesionalek aukera berriak nahi dituzte, erronka berriak, proiektuak ezagutu eta garatu, lan egiteko modu desberdinak frogatu, eta azkenean aukeratu. Joan etorri hori sanoa da, esperientziak elkar-banatzeko aukera ematen duelako, elkarrengandik ikasi eta desikasteko.

Gaur MONDRAGONen, asko dira erretiroa hartzeko hilabeteak kontatzen dabiltzanak, beraien bizitza profesionalaren zati handiena kooperatiba berean eman dutenak. Horientzat, kooperatiba beraien etxea da, beren identitatearen parte da kooperatiba. Kooperatiba hazten ikusi dute, momentu zailen bat biziko zuten, erabaki pertsonal eta ekonomiko zailak hartzea tokatuko zitzaien, daukaten onena ateraz. Eta beste hainbat momentu on gozatu eta ospatuko zituzten, dudarik gabe. Ingurunean beren kooperatibak eragin bat izan duela ikusi dute, enplegua sortu, elkarteei lagundu, aberastasuna banatu.

Urtez urte beren lankide izatera gehitu diren pertsonei kooperatiba batean lan egiteak suposatzen duena partekatzeko jarrera ere izan dute, eskuzabaltasunez dakitena erakustekoa eta ez dakiten hori ikastekoa.

Baina gaur asko dira baita MONDRAGONera gehitu diren gazteak. Urtero 1.000 gaztetik gorak egiten dituzte beraien praktikak eta ikasketa bukaerako proiektuak MONDRAGONeko kooperatibetan. Eta asko dira gero kooperatiban beraien bizitza profesionala garatzeko hautua egiten dutenak. Hauek indarra, ilusioa, ikasteko gogoa, probatzekoa eta haztekoa dakartzate. Profesional onenetatik ikasteko prest daude, proiektuetan ekarpenak eginez, ardurak hartuz.

Eta ahaztu gabe erdikoak, sartu berrien eta bizi guztia daramatenen artean dauden profesionalak. Profesionalki garapen betean daude, askok lidertza postuetara salto egiteko hautua egin dute, kostata, gaur badagoelako horri uko egiteko joera bat. Eta, seguruenik, bizitza pertsonalean ere ziklo aldaketa bat bizitzen daude, malgutasuna eta kontziliazioa eskatzen dietenak.  

Egoera kudeatzeko beharra

Testuinguru honetan sortzen da belaunaldi arteko kudeaketa egiteko beharra. Edo beste modu batera esanda, kooperatiba osatzen duten pertsonak ongi ezagutu, entzun eta hauei erantzuteko aukera sortzen da. Izan ere, aniztasunak ateak zabaltzen ditu, ikasteko eta gauza berriak egiteko aukerak, harreman eta hausnarketa berriak sortzekoak. Beti ere kudeatuz gero.  

Erakundeak, bere partetik, prozesu desberdinak ahalbideratu behar ditu aniztasun hori proaktiboki emateko. Hala nola:

  • Lantaldeak egiterako orduan, belaunaldi desberdinak ordezkatuta egon daitezen.
  • Ezagutza partekatzeko espazio seguruak eraikiz, esperientzia dutenak erakusteko eta ideia berriak dituztenak askatasunez proposatzeko.
  • Etengabeko ikaskuntzaren kultura txertatu behar da egunerokoan.
  • Arduradunen aldamenean egonda, bere taldean gertatzen ari dena ondo ulertzen laguntzeko, entzute ariketak bultzatzeko eta behar denean, berarekin batera gatazkak kudeatzeko.

Eta pertsonok, guretik, eskuzabaltasunez bizi behar ditugu guzti honetan emango diren gertaerak: eskuzabaltasunez irakatsi dakiguna, eta zabaldu ateak kooperatiban, maila teknikoan baina batez ere sozialean. Prest egon entzuteko orain arte egin duguna beste modu batera egin daitekeela, “atzo sartu zen gazteak lagundu ahal didala orain kontrolatzen ez dudan teknologia bat garatzen, edota profesional hobea izaten”. Eta ulertu arduraduna, bere begirada zabal horretatik “nik ikusten ez ditudan gauzak ikusita taldea gidatuko duelako”. Taldean lan egiteko prestutasuna, urrutiago eta hobeto iritsiko garelako. Eta bizipen kooperatiboa partekatzeko konpromisoa, norberak bizitakoa, ikusi eta ikasitakoa partekatzekoa, sarritan ispilu lanak egitekoa erabaki edo jokamolde batzuen aurrean, kuestionatzekoa “nik neronek egiten dudan hori nondik egiten dudan, interes pertsonaletik edo kolektibotik”.  

Belaunaldi arteko elkarbizitza kontzienteki kudeatzea garrantzitsua da, kooperatibak konexioa, garapena eta energia bermatzeko:

  • Konexioa, mezu korporatiboak denei iristeko, hartzaileen beharretara egokituta. Edo lidergo postuak belaunaldi desberdinetako pertsonez ordezkatuta egoteko, kolektiboaren ispilu izateko, eta guztien lidergo estiloak batuz oreka batera iritsi eta konexioak sortzeko.
  • Garapena, gazteek hazten ari direla antzemateko, taldeko liderrek gazteek aportatzen dutela ikusteko eta zaharrenek beren ekarpenak entzuten eta baloratzen direla sentitzeko.
  • Energia, kooperatibisten begietan ilusio dirdira ikusteko eta irauteko. Gazteak erakartzeko mezuak eraikitzeko, eta etxeko beteranoak gustura egoteko espazioak sortzeko. Bakoitzak behar desberdinak dituela jabetuz lanean jarraitzeko.