Adi daude beti, ehizako txakurren antzera, distira zein harri tartetik irtengo den zain. Ez, ez dira gure mundu honetan han eta hemen soilik dirua edo balio materialen bila dabiltzan horiek, beste zerbait bilatzen dute. Edertasun izpi bat bilatzen dute, iluntasunean. Liburutegi edo liburu denda batera sar-tzen direnean, bihotza azkartzen zaie, han gertu urre koskor bat dagoela igartzen dutelako, eta urduritu egiten dira ez dakitelako kapazak izango diren aurkitzeko. Ziur, hor dauden liburu horien guztien artean, badago Red bull-ak baino hego gehiago emango dien poema bat, edo mundua hobeto ulertzeko giltza emango dien azalpen bat, edo gela bat argiztatzeko beste indar duen esaldi bat, edo nobela edo ipuin hunkigarri bat. Edertasunaren bila ari dira, etengabe. Zinema aretoetara, antzokietara, museoetara, kontzertuetara joaten dira merkantziaren bila.

Euren droga da. Urrearen bila ari dira. Eta aurkitzen dutenean, antzerki obra batek, musikari batek, pelikula edo komiki batek euren edertasun dosia ematen dienean, hain da indartsua zirrara, ez dira asetzen, oraindik gogo gehiagorekin bilatzen jarraitzen dute. Gehiagoren bila ateratzen dira.

Urre bilatzaile batentzat ez dago opari hoberik liburu edo disko eder baten gomendioa baino. Beste batzuek azpimarratutako liburuak aurkitzea gustatzen zaie, besteei gozagarri egin zaiena beraiei ere gozamena emango dien esperantzaz. Hunkitu egiten dira gustatu zaizkien liburuei buruzko esperientzia konpartitzen.

Batek pentsatuko du urre bilatzaile hauek mundu errealetik aparte bizi direla, edertasunaren bila aritzea tximeleta eta loreen edertasunaz gozatzea dela bakarrik. Baina urre bilatzaileak badaki obra ederrenen oinarrian egia dagoela, benetako mundua, eta mundu hori oraindik argiago ikusteko aukera ematen diola egunero bilatzen duten edertasun berezi honek.

Urre bilatzaileak dira. Beti daude adi, ehizako txakurren antzera, distira zein harri tartetik irtengo den zain. Edertasun izpi bat bilatzen dute, argitasun izpi bat.