Aspaldi ikasi nuen ordenagailua izorratuz gero, irtenbidea ez dudala haren tripa eta karpeta ezberdinetan arakatzen aurkituko. Aspaldi ikasi nuen teknikari bati deituz gero, honek egingo duen lehen gauza ordenagailua itzali eta ondoren berriz piztea izango dela. Hain erraz eta basikoa den irtenbidea eraginkorrena izaten dela gehienetan. Itzali eta piztu.

Honela, esan dezaket konputagailuak konpontzen dituzten teknikariei esker ikasi dudala bizitzan askotan reset botoia zapaldu beharra dagoela, bizitza berrabiarazi behar dela askotan, aurrera egiten jarrai-tzeko, indar berriak aurkitzeko.

Gure ingurua etengabe aldatzen doa, baita gu geu ere, inoiz ez gara berriz atzo izan ginena izango, eta, hala ere, egunero mundua leku berean balego bezala eta gu pertsona bera bagina bezala funtzionatzen dugu. Edo funtzionatu nahi dugu, baina zailtasunak aurkitzen ditugu, adreiluzko hormak bidearen erdian, ameskeria baino ez baita dena beti berdina izango dela pentsatzea.

Ama larriki gaixotu zaio lagun bati eta, haren ezinegona ikustean, pentsatu dut haren urduritasunaren erdia amagatik sentitzen duen kezkak sorrarazi diola baina beste erdia, badela hein handi batean ez delako gai onartzeko bizitzaren etapa berri batean sartu dela. Laguna ernegatuta dago ezin duelako onartu bere ama, aurreran-tzean, ez dela izango beti izan den bezala familiako kide guztien zaindaria (fisikoa edota espirituala); ezin duelako onartu amak bera behar duela orain, ez bakarrik konpainia egiteko orain arte izan den bezala, baizik eta bizirauteko. Ume txiki bat balitz bezala.

Reset. Laguna ikusten dudan hurrengoan reset botoia zapaltzeko gomendatuko diot. Itzali dezala une batez makina, minutu ba-tzuetan berriz pizteko, bidean zerbait galtzeko arriskua onartuz.

Bizitza uneoro berrabiarazten baita, egunero aldatzen baita, eta batzuetan errealitate berri batean sartzen zarela onartzeko beharrezkoa delako berriz hastea. Makina itzali eta berriz piztea.