Gizarteko beste eremu batzuetan ere gertatzen da. Sistemaren erroa kritikatu beharrean, arazoaren tripetara joan beharrean, sistemaren katebegi ahulenari erasotzen zaio. Kulturaren munduan ere bai.

Sortzaileek bizi duten egoera prekario eta ezegonkorra ahaztuta bezala erasotzen zaie sortzaileei makroebento globalizatzaile batean parte hartzeagatik, edo sari instituzional bat jasotzeagatik, edo euren liburua argitaletxe mainstreaming batean argitaratzeagatik. Eredu izan beharko liratekeela argudiatzen dute batzuek, eta ondo iruditzen zait gure sor-tzaileak ideia, jarrera edo balio batzuen eredu izatea, noski baietz, baina arazoari ahulune eta ertz asko ikusten dizkiot, eta kritikak jaurtitzen dituztenei kontraesanak ere.

Iruditzen zait hemen eredu izatearen exijentziaren maila ez dela berdina kultur sortzaileentzat edo gizarteko beste eremutako ordezkarientzat. Erraza da Berri txarrak taldea kritikatzea MTVren ikuskizunean jotzeagatik, eta zilegi iruditzen zait halako ekitaldi baten kontra egotea, bereziki gure kulturaren beharrak ikusita, baina hain justu kritika horien gezi guztiak gupida gabe sortzaileei zuzentzea, eta talde bat gauetik egunera demonizatu nahi izatea, ez zait onargarria iruditzen. Eta errepikatzen dut, bereziki sortzaileek bizi duten egoera ikusita. Hemen ez dago arazorik gure tabernetan Coca cola "inperialista" saltzeko, ez dago arazorik umeen esplotazioari esker merke atera-tzen zaizkigun arropak erosteko, ez dago arazorik makroebentoetara joateko (beti ere gure talde batek jotzen ez badu), edo soldata bat jasotzeagatik multinazional baten bulego, sukalde edo dendan lan egiteko. Hemen erraz aurkitu dezakezu erdal kultura soilik kontsumitzen duen bat euskal sortzaile bat kritika-tzen bere azken liburua gazteleraz argitaratu duelako, adibidez.

Altza dezala eskua kontraesanen batean bizi ez dena. Ruperrek dioen bezala, oso zaila da lerro zuzena marraztea superfizie irregularrean. Agian lerroari begiratu beharrean, atentzioa gure gizarte irregular honetan jarri beharko genuke. Arazoaren tripetan. Eta bitartean, ba ze esango dizuet, zaindu maite duzun hori.