Motorra duen patinetea erosi dugu, yogako klasera berandu ez heltzeko. Horrela bizi gara, muturrekoak elkartzen dituen garai batean. Eta batuketa horrek kontradikzioz betetako artefaktuak sortzen ditu: estresa sufritzen dugu erlaxazio ikastarora garaiz heldu nahi dugulako. Gauzak aldrebes egiten ote garen, iparra galdu dugun galdetu beharko genioke geure buruari.

Umeen jolastoki baten ikusi dut ama baten ezintasuna. Umeak ez dio kasurik egiten. Semea beste ume bati joka dabil, eta amak esaten dio, mesedez ez egiteko halakorik, baina umeak kasurik ere ez. Eta amak ez du tresnarik diktadore txiki hori geldiarazteko. Eta hau ikusita, neure buruari galde-tzen diot hemen ere ez ote dagoen muturrekoen talka bat. Ez ote garen umeak infantilizatzen ari euren obligazio eta eginbeharrei dagokienean, eta aldi berean, ez ote garen haien heldutasuna gehiegi aurreratzen beste arlo batzuetan, euren gorputzen sexualizazioan, esaterako. Gero eta denda gehiagotan ari naiz neskatoen-tzako takoiak eta bularretakoak ikusten. Antza, oso helduak dira ipurdi erdia praketatik kanpo eramateko, baina pertsona autonomo eta arduratsu bezala funtzionatzeko umetxoak dira gutxienez hogei urte bete arte. Trenen talka ematen da hor, eta ondorioak latzak dira.

Eta berdin gertatzen da neska eta mutilek harremanetarako ikasten dituzten eredu ezberdinduekin: neskak oraindik maitasun erromantikoan heziak diren bitartean, mutilak emakumeak iraintzen dituen pornoan ari dira hezten.

Bi mutur horiek bikote gazte batean elkartu eta ikusiko duzu zelako emaitza ematen duen. Edozein momentutan eztanda egiten duen bonba bat da. Batzuetan eraso moduan adierazten dena, beste batzuetan isilean nerabeen arteko dominazio harremanetan.

Kontrako hauek guztiak zentzuzko bide batetik bideratzen ez ditugun arte, gure ustezko balioen eta gure eguneroko ekintzen arteko kontradikzio batean biziko gara. Gure nahien eta eraikitzen ari garen errealitatearen arteko etengabeko talkan.