Adelinak bere ama eta aita zaindu zituen hil ziren arte. Aurretik nahiko entrenamendu zuen horretan: oraindik gazte zela, euren etxean bizi zen amona zaindu zuen urtetan; gero ezkondu eta lau ume izan zituen eta, berak kazetari izateko ametsa bazuen ere, ezin zuen ikasketarik egiteko aukerarik izan. Horren ordez, bizitza osoa egin du herriko kontserba lantegian lan egiten eta, aldi berean, bere familia zaintzen, senarra barne, hau ere gaixorik hil zitzaion arte. Orain berak behar du zaintzailea. Neska gazte batek zaintzen du, Danielak. Ikasketak ordaintzeko behar du dirua. Kazetaria izan nahi du, baita ere. Hau kointzidentzia, esan zion Adelinak jakin zuenean: "Neuk ere nahi nuen", bota zion.

Goizeko zortzietarako heltzen da, jaiki-tzen laguntzen dio, gosaria jartzen dio, eta dutxa hartzen laguntzen dio. Sorbalda igurtzen dio belakiarekin ur beroa gainetik sentitzen duen bitartean. Zer egingo luke Daniela ez balego, ez daki.

Avelinak egunero irakurtzen du egunkaria. Goizean goiz ekartzen dio Danielak, eta honek etxeko lanak egin bitartean, askotan ozen irakurtzen dizkio albisteak. Azkenaldian greba feministari buruzko notizia ugari irakurri ditu. Sekula ez zaio feminista hitza gustatu, beti iruditu zaio hitz itsusi bat, berarekin zerikusirik ez duen hitz bat. Gaur, baina, greba deitu dutenen arrazoiak hainbeste aldiz irakurri ondoren, bere bizitzaz ari direla iruditu zaio, bereziki emakumeek beti egin duten eta egiten duten lan ezkutu eta errekonozitu gabeko hortaz ari direnean. Bat-batean, bere burua ikusi du bertan, eta bizitzan lehenbizikoz, hainbeste aldiz erasotua, madarikatua eta kondenatua izan den feminismo hitza berea egin du.

Oihuak entzun ditu kalean, Martxoak 8a da, eta emakume andana ari da han, beltzez jantzita, besoko moreekin. Orduan Danielari deitu dio. Zatoz, esan dio, eta kaleko olatu indartsua ikusirik, biek sentitu dute zirrara berezi bat sabelean. Gutaz ari dira, gugatik ari dira, gure alde ari dira, esan dio Avelinak. Orduan Danielak, amantala kendu eta balkoian eskegi du. Greba honek emakume askoren kontzientzia feminista piztu du. Horregatik bakarrik, arrakastatsua izan da.