Medikuak igeri egitea gomendatu zionetik Ángela astean bitan joaten da igerilekura. Baina ez du bainujan-tzia aldagelan janzten, etxetik jarrita ekar-tzen du. Eta igeri egin ondoren ere, banakako dutxan sartzen da eta gero toalla gerritik kendu barik janzten da. Konplexua du Ángelak. Eta ez izterretan duen zelulitisagatik, ezta bere titi txikiengatik. Pubiseko ileak dira bere kezka.
Urteak dira ez zuela igeri egiten eta aldagelan sartu zen lehen egunean historiaurreko kobazuloren batetik etorritako emakumea sentitu zen. Bere pubis iletsuak ez zuen batere antzik inguruan zituen neska guztien pubis depilatuekin. Venuseko mendiaren gaineko ilezko triangelu klasikoa emakume haien gorputzean ertzak ondo markatuta zituen errepide bat ematen zuen. Edo kasu batzuetan inurrien ilaratxo bat.
Triangelu iletsua izateagatik higiene pertsonala zaintzen ez duen norbait dela sentiarazteaz gain, inorentzat sexualki erakargarri izateko batere aukerarik ez duela sentiarazten diote pubis rasuratu haiek. Hainbestekoa izan da sentitu duen presioa Ángelak azkenean brasildar depilazioa egitea erabaki du. Eta orain Espainiako Dermatologia Akademiak seinalatu duen emakumeetako bat da. Adituek esan baitute ilea zerbaitetarako dagoela han, hain zuzen ere, infekzioetatik babesteko, eta infekzio asko ematen ari direla hango ilea kentzea erabaki duten emakumeen artean.
Emakumeek ez geneukan nahikoa besteentzako gustagarri izateko bizkarra izorratzen gaituzten takoiak erabili beharrarekin, neguan ere izterrak eta eskotea erakutsi beharragatik gaixotzearekin, edota gure osasuna arriskuan jartzearekin liposukzio edo titietan silikona sartzeko ebakuntzekin. Orain pubisa ere depilatu behar omen dugu. Ba nik uste exijentzia hauei aurre egiterik badago. Nola? Gaur okurritzen zaidan bakarra da ozen oihukatzea: ilea dagoen lekuan, poza dago! Ze arraio.