modu asko daude pertsonak sailkatzeko. Arrazaren, sexuaren, maila ekonomikoaren arabera? Jarri ditzakezu umorea dutenak alde batean, umorerik gabekoak bestean; edo lotsatiak direnak ezker aldean, lotsagabeak eskuin aldean? Bada, urteekin, jende gehiago ezagutu ahala, pertsonak honela sailkatzen hasi naizela konturatu naiz: jartzen ditut alde batean hitz egiten dizutenean barrura begiratzen dizutenak, eta beste aldean, kanpora begiratzen dutenak.

Zaila izaten da askotan jakitea zergatik iruditzen zaizun sinesgarriagoa edo zintzoagoa pertsona batzuen jarrera, haiekin bi hitz bakarrik egin arren, baina esango nuke askotan honengatik izaten dela. Batzuek hitz egiten dizutenean, barrura begiratzen dizute, zure arimari zuzenean hitz egin nahiko baliote bezala. Eta hauen hitzak, ondorioz, askoz sakonago sartzen zaizkizu, dardo zorrotz baten antzera heltzen dira zure dianaren erdigunera. Beste batzuek, ordea, ez dute harago joateko asmorik, eta haien hitzek irrist egiten dute zure azalean.

Nire lagun batek beti esaten du berak zerbait berezia izan behar duela aurpegian, izan ere, inguruan mozkor bat edo ero bat ibiliz gero, beti inguratzen zaiolako. Beti hitz egiten diote, jendetzaren artean beti aukeratzen ei dute bera. Eta nik esaten diot horrek badaukala arrazoi bat: jendeari barrura begiratzen diolako gertatzen zaio hori. Eta mozkorrek, umeek eta eroek baino hobe ez du inork igartzen jarrera harkor hori. Horregatik hurreratzen zaizkio, horregatik bilatzen dute bere begirada.

Barrura begiratzeak jakin mina adierazten du, aurrean duzuna nor den jakin nahia, eta esango nuke gero eta zailagoa dela jakin min mota hori duten pertsonak aurkitzea. Eta ez naiz jakin min kutsatuaz ari, hau da, haren bizitzaren inguruan marmarrean aritzeko zaletasunaz (hori nahiko hedatua dagoela irudi- tzen baitzait), jakin min zintzoaz ari naiz. Iruditzen baitzait gero eta gutxiago ardura zaigula ingurukoa, gero eta begirada iheskor gehiago daudela gurean.