gIZON gazte bat ikusi nuen atzo Gasteizko tranbiaren bagoi batean eserita, dozena bat arrosa gorri eskuetan. Orduan gogoratu nuen San Valentin eguna ospatzen zela. Maiteminduek duten begirada itsu hori zuen, esango nuke benetan maiteminduta zegoela, sorgindua edo an-tzeko zerbait. Zein polita den maitasuna, pentsatu nuen, bai, eta, aldi berean, zein arriskutsua bihurtu daitekeen maitasuna ulertzeko modu konkretu bat, bereziki emakumeentzat.
Izan ere, maitasun erromantikoaren mitoaren azpian tranpa asko ezkutatzen dira emakumeentzat. Maitasun erromantikoaren ereduarekin batera gizarte honen hainbat balore eta sinesmen barneratzen ditugu, eta balore hauek emakumeen mendekotasuna gauza natural baten modura ulertzera eramaten gaituzte askotan, ia konturatu barik. Maitasun kontuetan ere, ez zaigu berdina eskatzen.
Inoiz entzun dut gizon bat maitemintzen denean, maitasunak bere buruan dituen gela guztietako bat hartzen duela, eta ukitu gabe gera-tzen direla beste gelak: batean maitasuna gorde dezakete, beste batean lan kontuak, bestean euren proiektuak, bestean gustuko dituzten jarduerak, bestean aisia? Eta emakumeen kasuan buruan dituen gela guztiak kutsatzen dituela maitasunak. Horra hor maitasun erromantikoaren mitoak batzuei eta besteei agintzen dizkigun jarrera ezberdinak. Eta kezkagarria da emakumeen kasuan maitasunak gela guztiak kutsatu behar dituela sinistea, eta ondorioz, maitasunagatik gela guztietako ordena aldatzera behartuta egon behar dutela pentsatzea.
Maitasuna gauza zoragarria da, baina maitasunak ezin ditu zapaldu bakoitzaren autonomia, bakoitzaren proiektuak, bakoitzaren gustuak edo bizitzeko moduak, eta bereziki gaztetxoenak adi egon behar dute zentzu honetan. Antzinako kanpaina batek esaten zuen modura, pertsona bakoitza ez da laranja erdia, laranja osoa baizik. Eta zinez, bi laranja oso elkartzen direnean ateratzen duten zukua askoz gozoago eta aberatsagoa izan daiteke. Edatean edonor sorgintzeko modukoa.