bATZUETAN oinez hasi eta gelditu gabe jarraitzeko gogoa izaten dut, noraezean aurrera egitekoa, Forrest Gumpen estiloan. Oinez egin, urrundu, joan, aurrera egiten ari naizela sentitu, nahiz eta norantz noan jakin ez. Hori da gainera, nik uste, erakargarria egiten zaidana, nora noan ez jakitea, aurretik markatutako ibilbiderik ez edukitzea, helbururik gabe oinez hastea.
Azken aldian han eta hemen entzuten ari naiz oso garrantzitsua dela bizitzan planak izatea, helburuak finkatzea, nora zoazen jakitea. Eta neurri handi batean ados nago, amets bat errealitate bihurtzeko aurretik bisuali-tzatzeak asko laguntzen baitu, eta horretarako bide bat aurreikusi behar da, ibilbide bat imajinatu. Guztiz ados. Baina mezu honek, gaizki ulertuz gero, arrisku bat duela irudi-tzen zait: plan bat ez izateagatik, nora joan nahi dugun argi ez jakiteagatik, paralizatuta gelditzea.
Plan bat izateak asko laguntzen du, ona da aurretiaz jakitea norantz joan nahi duzun, baina oso arriskutsua iruditzen zait zure helmuga zein den ez jakiteagatik ezer egiteko gai ez izatea. Zer nahi dugun ez dakigunean, hegoalderantz edo iparralderantz joan nahi dugun ez dakigunean, onena oinez hastea dela uste dut, oinez noraezean, batzuetan bideak berak eskaintzen baitizkigu erantzunak. Bideak berak erakusten digu askotan zer nahi dugun.
Idaztearekin antzeko zerbait gertatzen dela iruditzen zait. Idatzi nahiko luketen pertsona askok ez dute egiten oraindik merezi duen ideia bat bururatu ez zaiela uste dutelako. Itxarotea erabakitzean oker dabiltzala uste dut. Batzuetan, merezi duen ideia bat agertzeko onena idazten hastea izaten baita, idaztea noraezean, zer esan nahi dugun oso garbi izan gabe. Bidean beti agertzen dira bidegurutzeak, eta hauetan ezinbestekoa da erabakitzea. Bideak berak behartzen zaitu erabakiak har-tzera. Helburu argirik ez badaukazu, hasi zaitez oinez, urrundu, joan, aurrera egin... Agian bidean aurkituko duzu benetan nahi duzuna.