bizitza borroka da. Hala erakusten dizu bere esku urratuekin urteak aurrera doazen heinean. Txikitatik hasten gara barneratzen hortzak estutu behar direla askotan, ikastolako patioan baztertua ez izateko, taldean onartua izateko, adibidez. Gero lehen maitasun istorioak etorriko dira, besteak beste, eta bihotzeko lehen zauriak. Nagusiagoak garenean arazoak izango ditugu laneko nagusiarekin edo lankideekin (eta lanik ez badugu arazoak oraindik larriagoak izango dira), liskarrak izango ditugu bikotearekin, edo familiarekin, eta guztien gainetik, erabakitzeko beharrak egingo digu min, badakigulako bide bat aukeratzea beste bat albo batera uztea dela. Bizitzak min egiten du eta hodeien artean noizbehinka sartzen uzten dituen zoriontasun printzei esker da eramangarriagoa.
Denok ditugu beraz arazo eta kezkak buruan. Nerabeak bere bikotearen telefonoan beste baten amodiozko mezuak aurkitu dituelako; banatzea erabaki duten senar-emazteek umeekin zer egin, nola banatu, erabaki behar dutelako, etxeko liburuak nola banatu erabakitzeko kapaz ere ez direnean; ama edo aita zahartzen ikusi eta haiek nola zaindu asmatzen ez duenak erruaren zama darama gainean... Baina hala ere, kaletik goazenean, zurito bat hartzen dugunean, erosketak egiten ditugunean... gure aurpegiek ez dute ezer erakusten. Maskara zuriak dira.
Herri honi ere berdin gertatzen zaio. Zauriz beterik dago. Borroka haundi bat izan da eta dago gurean, min asko, min ikaragarria, eragin duena. Eta urte askotan kaletik joan gara, erosketak egin ditugu, zuritoa hartu dugu maskara zuriarekin, min hau ez da nirea esanez bezala, edo hobe esanda, min honen zati bakarra da nirea, bestea ez. Batzuk zein besteek. Heldu da ordua albokoaren mina onar-tzeko, maskara zuria kentzeko. Min batek ez baitu beste mina ezeztatzen, eta bestearen mina onartzeak ez zaituelako zertan zure ideietatik aldendu behar. Borroka den bizitza honetan eman beharreko beste pauso bat da, besterik ez.