Mutila gaztea da. Beltza. Edozein zurik erantsiko luke beltz-beltza dela. Hogei urte izango ditu edo agian gehiago, haren belztasunak ilundu egiten dio kalkulatzeko gaitasuna ni bezalako azal zuri eta lehen munduko biztanle bati. Merkatalguneko korridore zabalean dago gizon zuri eta burusoil batekin berbetan. Gizonak aginduak ematen dizkio, non eseri beharko duen esaten ari zaio erakusleiho baten aurrean prestatuta dagoen tronu antzeko bati seinalatuz. Umeak zure gainean eseriko dira, esan dio gizonak, eta zuk izena eta zein opari eskatu duten galdetu behar diezu, uler-tzen? Ez dakit oso ondo ulertu duen, ez dakit ondo ulertzen duen gizon zuriaren hizkuntza, baina nik ulertu dut merkatalguneko Baltasarren aurrean nagoela, oraindik koroa eskuratu ez duen arren. Mutila urduri dago eta gaztelania traketsean galdetu dio gizonari: Eta negarrez hasten badira? Urratuta ditu prakak eta kazadora zahar bat du soinean. Baina bi egun barru erregea izango da, zein eta Baltasar, umeen gustukoena. Errege egun batez. Orduko bost eurogatik. Eta herri honetako biztanleek irribarre egingo diote, eta euren ume preziatuak utziko dituzte haren altzoan, eta haiei muxuak ematen utziko diote, eta laztanak...
Mutilak ez daki oraindik gaur biztanleen begiradetan ikusten duen mespretxua batzuetan, ezaxolakeria bestetan, miresmen bihurtuko dela ordu batzuetan. Bere herritik irtetea lortu eta gurera sartzea lortu zuenetik, edonolako lanak egin ditu: adreiluak kargatu ditu obretan, galipot irakin artean errepideak egiten lagundu du..., baina oraingoan kezkatuta dago, inoiz baino gehiago, lan zailenaren aurrean egongo balitz bezala.
Ez daki erregearen distirak egun batez estali egingo dituela bere belztasuna, bere praka urratuak, egunero sentitzen duen bazterkeria. Ez daki oraindik erregea izango dela, baina ez edonolakoa, magoa baizik. Eta horregatik bere kezka: Eta negarrez hasten badira? Eta horregatik sentitzen du lan zailenaren aurrean dagoela.