Urteberri eguna gustatzen zaigu, zerotik hasteko ilusioa sinisteko aukera ematen digulako. Dena izango da ezberdin. Gu ere ez gara izango orain arte izan garenak, hobeak izango gara, ez dugu harri berdinetan estropezu egingo, ez gara zulo berean jausiko. Lurralde laua dugu aurrean, ikasturte hasierako koaderno berri eta zuriaren usainekoa. Estreinatu gabeko bizitza bat. Ez dugu gogoratu nahi nor izan garen, eta Gabon Zaharrean irensten dugun mahats bakoitza pilula berritzaile bat izango da, txarra garbitu eta onari lekua utziko diona. Zerotik hasiko gara, orain bai. Doazela pikutara gure iraganetik gogoratu nahi ez ditugunak.
Baina zerotik hastea ilusio bat besterik ez da. Zerotik hastea ezinezkoa da, bakoitzak bere motxilatxoa daramalako bizkar gainean, ba-tzuena pisu handikoa izango da, beste batzuena arinagoa. Baina guztiaren gainetik izan garenaren emaitza gara. Bizitzan gertatu zaigun guztiak du zerikusia gure izateko moduan: anai, neba, arreba, edo ahizpa gazteago bati izandako jelosiak; behin txikitan hondartzan galdu ginenean igarotako larritasunak; gurasoek emandako besarkadek edo eman gabe utzitakoek; eskolako lagunekin izandako harremanek; tokatu zi-tzaigun andereño edo maisuak gurekin izan zuen tratuak; aukeratu genituen ikasketak; gure lehen lan esperientziak; gure lehen sexu harremanak; sekula ahaztuko ez dugun hanka sartze hark; esan gabe utzi ditugun hitzek? Denek janzten gaituzte. Gurekin daude guztiak, gure inguruan dantzan, eta gure izateko modua eraikitzen dute. Gure jaiotza egunean ere bada iragan bat, gurasoena, familiarena, herriarena, gure izateko moduan zerikusia izango duena.
Eta norbaitek esango du posible dela bizitzaren norabidea aldatzea hala erabakiz gero, eta noski, posible da. Baina horretarako lehen pausua orain arte izandakoaren emaitza garela onartzea da eta gustatzen ez zaiguna aurrerantzean alda-tzeko erabakia hartzea. Horrela bakarrik sentituko dugu, egia balitz bezala, zerotik hastearen ilusioa.