BATZUETAN askoz interesgarriagoak egiten zaizkit harakinarekin edukitzen ditudan elkarrizketak hainbat hitzalditan entzun edo artikuluetan irakurtzen ditudanak baino. Izan ere, nire auzoko harakina gizon jakintsua da. Ez dut uste ikasketa handirik duenik, baina egunero hitz egiten du jende askorekin eta horrek asko balio du. Kontua da aurreko egunean Gabonak datozela eta, pozik nagoen galdetu zidan. Umeak ilusionatuta daudela eran-tzun nion, eta ni, bueno, egun hauetatik Gabon Gaua gustatzen zaidala gehien baina? Ez zidan esaldia bukatzen utzi. Bat batean, harridura aurpegiaz, asko pozten zela esan zidan, azkenean, norbaitek zerbait positiboa esaten zion Gabonei buruz. Izan ere, Gabonak aipatu eta bezero guztiak purrustadaka hasten ei zi-tzaizkion, ahalik eta lasterren pasatzea nahi zutela esanez. Ni poztu egiten naiz, esan zidan, begiak gabonetako bonbillak bezala piztuta, urdaiazpikoa mozten zuen bitartean. Gizon zoriontsu bat nuen begien aurrean.

Dendako argi guztia harakinaren irudiaren gainean kontzentratu zen une batez. Hala iruditu zitzaidan. Hau poza, pentsatu nuen, pozik dagoen norbait aurkitzea, eta poza adierazten duena gainera. Hara, bat batean Eguberrietako espiritua sartu zen harategian. Nirekin neuzkan umeei begiratu eta barrezka zeuden, elkarrekin jolasean; harakina izpiritu santuaren antzera argiztatua; eta bi bezero elkarri muxuka bata besteari Gabonak ondo pasatzeko desiratzen.

Hasperen eginez irten nintzen harategitik, zoriontasunak itsututa, aurrez aurre lagun bat topatu nuen arte. Gabonak aipatu nizkion eta purrustaka hasi zitzaidan. Orduan jarrera alda-tzeko eskatu eta harakinarekin gertatutakoa kontatu nion. Barrezka hasi zitzaidan. Inozoa, esan zidan, ze inuzentea zaren, nola ez da harakina pozik egongo urteko salmenta handienak Gabonetan egiten baditu? Krask, entzun nuen. Gabonetako argitxo bat kraskatzen sentitu nuen. Non eta nire barruan. (Ondo pasa egun hauek, espirituarekin edo espiriturik gabe).