mundu bateko distantzia dago geure buruaz dugun irudia eta kanporantz erakusten dugun irudiaren artean. Autobiografiak irakurri baino ez da egin behar horretaz ohartzeko. Printzipioz, pentsatu daiteke inork ez duela ezagutzen norbere burua batek baino hobeto, baina esango nuke, askotan, kanpotik ikusten den geure buruaren irudiak egia gehiago daukala nor garen deskribatzeko erabili ditzakegun berba guztiek baino. Perspektiba gutxi daukagu gutaz hitz egiten dugunean, edo, hobe esanda, agian perspektiba sakonegia da eta itsutu egiten gaitu.

Esaten dugun hitz bakoitzak, egiten dugun keinu bakoitzak, motxila handia dakar atzean: garena, izan ginena, izan nahi genuena eta ez garena izan?, guzti horiek konbinatzen ditu gutaz esaten dugun hitz bakoitzak eta geure buruaz daukagun irudiak. Zerikusi handia du, besteak beste, autoestimuak bueltatzen digun gure irudiarekin, eta baita geure burua etengabe barkatzeko eta erruak gainetik kentzeko dugun abileziarekin.

Horregatik da askotan hain ona distantzia, horregatik da hain argigarria. Adin batetik aurrera, liburua begietatik urrundu behar izaten dugu hango hitzak ondo ikusi eta irakur-tzeko. Antzeko zerbait gertatzen da geure buruarekin. Urrunetik askotan gehiago ikusten da. Urrunetik argiagoa da askotan irudia, garbiagoa, iraganak zikindu gabea. Urrunetik ez dugu ikusten pertsona hori aurretik nor izan zen, une honetan, segundo honetan, dena baizik.

Deklarazio eta konfesioetan baino, gure historia pertsonalaren kontakizunean baino, geure burua ageriago geratzen da deskuidu eta keinu txiki baina adierazgarrietan, hitz erdietan, absentzia esanguratsuetan edota akats txikietan.

Agian ez gara uste dugun pertsona. Agian gugandik urruntzeko abilezia garatu beharko genuke, kanpotik nor garen ikusteko, gure itxurak gutaz esaten diguna ezagutzeko. Autobiografia fikzioa dela onartzea litzateke lehen pausua.