Eskerrak behintzat ez zuela seme-alabarik. Eskerrak ez zuela bikoterik. Horrelakoak maiz entzun eta esaten ditugu norbaiti zerbait oso larria gertatzen zaionean: istripu baten ondorioz hiltzean, gaixotasun larri bat duenean edo lan barik geratzen denean. Eta egia da, seme-alabak dituzunean, bikotea duzunean, etxean zure zain norbait daukazunean, agertu ezean, oso egoera gogorrak bizi daitezke, bereziki umeak tartean daudenean. Baina, aldi berean, askotan bakarrik bizi direnen edota seme-alabarik ez duten horien bizi-tzaren balioa gutxiesten dugula iruditzen zait. Azken finean, haien bizitzak besteenak beste balio du, eta ahazten dugula sentitzen dut.

Bikoterik ez dutenak eta bakarrik bizi direnak ohituta daude presio handia sentitzera. Sistema hau ez dago single izan nahi dutenentzat eraikia. Presio soziala gaztetatik sentitzen hasten dira, lagunak bikoteekin bizitzera joan edota ezkontzen hasten diren bitartean eurek, bikoterik ez, eta hamaika galderari erantzun behar izaten dietelako: Ia noiz ezagutzen duzun norbait, esango dio amak, kezkatuta, 30 urteko semeari; adi, andre-zahar geratuko zara eta, esango dio osaba batek gabonetako afarian 33 urteko ilobari?

Sistemak ez die laguntzen. Bikote batek etxebizitza bat erosteko zailtasunak baldin baditu, bakarrik egonda etxebizitza bat erostea mirari batekin parekatu daiteke. Eta urrunegi joan gabe, supermerkatuan erosketak egiten dituztenean ere, normala da sentitzea inork ez duela beraiengan pentsatzen: oilasko petxugak erosi nahi izanez gero, kilo erditik gorako bandeja eraman behar izaten dute etxera (erdiak iraungiko zaizkiela jakinda ere).

Sistemak nahiago gaitu bikoteka eta seme-alaba askorekin bada hobe, besteak beste, pertsona singleek denbora gehiago dutelako pentsatzeko, denbora gehiago gizarte ekimenetan parte hartzeko, eta ondorioz, sistema honetan agintzen dutenentzat arrisku-tsuagoak dira.