Ama batek semeari eskolako atarian: "Patxo bat amatxori sudurtxoan?". Umeak muxu eman dio eta eskolarantz abiatu da, aurpegian galdera ikur bat duela: zergatik hitz egiten ote dio amak beti sagutxo baten antzera? Izan ere, umeak aspertuta egon behar du, nazkatuta, hainbeste txikigarri eta benetako izenen ordezko onomatopeikoekin. Ez da txakurra, txakurtxoa baizik; ez da okela, txitxi baizik; ez da txoria, txio-txio baizik?

Ez dizkiegu umeei gauzen benetako izenak erakusten, eta munduak min egingo dien beldurrez edo, miniaturazko bat sortu nahian ibiltzen gara, plastilinazko dekoratu bat, ertz gabeko mundu bat, arriskurik gabekoa, euren tamainakoa. Horretarako erabiltzen ditugu txikigarriak, munduak eta bizitzak umeei min egingo dien beldurrez. Munduaren aurpegi atsegin eta gozoa erakusteko asmoarekin.

Mundua eskura jarri nahi diegu, mundua erraza dela erakutsi, bi silabatan azaldu daitekeela, eta konturatu gabe, munduaren handitasuna irakatsi gabe hezten ditugu. Baso bateko arbolek udazkenean osatzen duten kolore beroen koadroa, zelaian korrika doan zaldi baten giharren mugimendua, zerua ukitu behar duela ematen duen katedralaren dotorezia, zerua gorriz marrazten dituzten eguzki sarrerak, harkaitzen kontra gogor jo-tzen duten bits zuriko olatuak, bi pertsonen arteko besarkada baten barruan sortzen den berotasuna? Mundua benetan da handia, eta handitasun hori erakutsi beharko genieke umeei; handitasun hori sentiarazten lagundu beharko genituzke, txikitatik.

Baina horren ordez, txikigarriak erabiltzen ditugu, gauzei pisua eta garrantzia kenduz. Eta gure umeek patxo bat zer den ikasiko dute, baina muxu batek mundu honetan duen balioa ondo neurtzen jakin gabe. Erakutsi diezaiegun gauzak oso handiak direla, sentitu dezatela txikitatik munduaren handitasuna. Besteak beste, dutena behar bezala baloratzen dakiten helduak izatera heltzeko aukera gehiago izango dute horrela.