anbulatorioko itxarongelan, pazienteak aurrez aurre eserita, bata bestearen begirada saihestuz. Eztulak entzuten dira, besterik ez. Argi zuriak oraindik gaixoago egiten gaitu. Hala gaudela, amaren alboan eserita dagoen ume batek isiltasuna hautsi du: Begira, ama, marra hau heriotzaren marra da, esan dio esku-barnea erakutsiz. Bat batean gelan bonba bat jaurti dutela dirudi. Ez da eztulik ere entzuten. Guztiok ireki ditugu begiak platerak baliran, eta mugitzen hasi gara gure eserlekuetan, deseroso. Ama saiatu da umea isilarazten eta ingurura begiratu du haren ateraldiarengatik barkamena eskatuz bezala. Baina gu ez gaude amari begira, semeari baizik, eta zehatzago, haren esku-barneari, disimuluz bada ere, noiz hilko garen erakutsiko digun marra hori zein den jakin nahi dugu eta.

Umeak naturaltasunez esan du heriotza hitza, baina nagusiak deseroso sentitu gara, eztulka hasi gara berriz, lehen baino ozenago. Ez zaigu hitza gustatzen, gaizki sentiarazten gaitu (non gauden kontuan izanda oraindik gehiago). Baina aldi berean, interesatzen zaigu, asko gainera, eta argi geratu da batzuek zein besteek, geure eskuen barnera begiratu baitugu zeharka marra madarikatua noraino heltzen den ikusteko.

Heriotza hor dago, nonbaiten, baina hitz hori esan gabe bizi gara, agertzen den bakoitzean saihesten dugu. Ez dugu gure bizitzan sartu nahi, ez dugu jakiten zer esan maite zuen norbait galdu duenari, ez dugu aipatzen ere ume bat inguruan egonez gero? Heriotzaz hitz egin ezean, heriotzari buruz komunikatzen ez bageunde bezala. Izan ere, mezu bat bidaltzen diegu txikiei: galarazita dago honetaz hitz egitea.

Eta hainbeste saihestu dugu heriotza hitza, heriotzarik existituko ez balitz bezala bizi gara, iraungitze data daukagula ez gogoratzeak bizi-tza poz handiagoz bizitzen lagunduko baligu bezala. Konturatu barik, heriotza barneratuago izatean, agian, indar eta bizitasun handiagoz bizi-tzeko aukera izango genukeela. Geure denbora mugatua dela onartzeak, besteak beste, garen bezala agertzen lagunduko liguke, beste baten bizitza antzezteko saiakerak alde batera utziz.