eUSKALTELEN iragarkia ikusi dut, permanentea jada modan ez dagoena esaten duen hori, eta ezinbestean, 80ko hamarkadaren bukaera etorri zait burura. Bai, aitortu behar dut, garai hartan neuk ere permanentea egin nuen (zer egingo diogu bada, denek daukagu iragan bat). Gaur ez nuke inolaz ere egingo, baina hala ere, nahi gabe, ilea kizkur-tzen zaidala sentitzen dut askotan, egoera zehatz batzuetan, nire nerbioek sortutako elektrizitatearen eraginez. Permanentea eginda irteten naiz jatetxetik, hara umeekin batera bazkaltzen joateko erabaki zoroa hartuz gero (ezinezkoa da bazkariaz lasai gozatzea une oro umeak zelatatzen egon behar izanez gero, zerbait apurtuko duten edo jendea molestatuko duten beldurrez...); nire ile guztiak kizkurtzen dira Rosa Díez telebistan ikusten dudan bakoitzean; Jackson Fiveko kidea ematen dut auzokoen bilera bat jasan ondoren; telefono konpainia bateko kideak etxera desorduetan deitzen didatenean, ez dakit zer tarifa saltzeko, Euskaltelen iragarkikoei bezala jartzen zait burua....
Baina badago beste zerbait ilea kizkurtzen didana: enpatiarik gabeko jendea, mundua euren buruan dagoen irudiari bakarrik eran-tzuten duen eszenatoki bat dela uste duen jendea; aurrekoak arrazoi pittin bat eduki dezakeela onartu ezin duena; huts egin duela onar-tzen ez dakiena edota akordioetara heltzeko kapaz ez dena.
Parlamentu berri bat izango dugu laster. 36 emakume eta 39 gizon. Asko beteranoak dira, beste batzuk hasiberriak. Bakoitzak bere ideologiari uko egin gabe, gauza bat eskatuko nieke: izan daitezela kapaz eraikitzeko. Eztabaida parlamentario bakoitzean, alderdi bakoitzaren garaipenaren gainetik bilatu dezatela benetan herri honetarako hoberena dela uste dutena, batzuetan zenbait gauzetan amore eman behar badute ere. Hala ez bada, euren haustesleak haserretuko dituzte. Eta benetan, arrazoi estetikoengatik baino ez bada ere, ez nuke kalea permanentea egindako jendetzaz beteta ikusi nahi.