Síguenos en redes sociales:

Euskal pilota selekzioa. Atzera pausorik ez!

Defentsa horretan EAJ eta EHBilduren eskuartzea ezinbesteko izan da, euskal pilota selekzioak behar eta merezi duelako

Euskal pilota selekzioa. Atzera pausorik ez!FEP

Nazioarteko euskal pilota federazioak (NEPF) abenduaren 28an Iruñean egindako Batzarrean erabaki zuen Euskadiko euskal pilota Federazioak ( EEPF) bazkide izateko egindako eskaera onartzea. Eta ondorioz, erabaki horrek, gure euskal pilota selekzioaren ofizialtasuna onartzea dakar. Eta horrek sutan jarri ditu gure betiko etsaiak. Eta gezurra eta manipulazioa erabiliaz, beraiekiko prensa eskuindarra lagun hartuta, NEPFak Batzarrean onartu zuen legezko erabaki bat bertan behera uztea dute helburu epaitegietako makinaria erabiliaz.

Horrela, urtarrilaren hasieran Espainiako pilota Federazioak, Kubako pilota Federazioarekin batera, Nazioarteko Kirol Epaitegi Gorenean (TAS )ek Suitzan duen egoitzan, NEPFa eta EEPFa auzibidean jarri ditu demanda edo salaketa baten bitartez. Eta jarrera horrek argi erakusten du ez daudela prest beraiek Madrilgo Kongresuan hartutako erabakiak errespetatzeko.

Lotsagarria eta penagarria da gertatzen ari dena. Pentsatu arren, ez nuen uste Espainiako pilota Federazioak eta bera babesten dutenek herri honi hainbeste gorroto ziotenik, are gutxiako, NEPFak hartutako erabakia, oro har pilota munduarentzat, onuragarria baino ez denean, baita espainiarrak sentitzen direnetzat ere, besteak beste, lehiakortasuna eta partehartzearen aldetik euskal pilotarentzat aurrera pauso handia suposatu dezakeelako.

Baina hori berdin zaie UPN eta PP alderdi eskuindarrei eta beraien jarraitzaileei, kirolaren gainetik helburua betikoa delako, alegia, Euskal Herriaren existentzia bera ukatzea. Horregatik ez dute onartzen Euskal pilota selekzioak lortutako garaipen txiki hori eta aurreko egoera berdinera itzuli nahi dute, alegia, ukazioan jarraitu nahi dute. Gero lotsari gabe esango dute kirola eta politika ez direla nahasi behar.

Horregatik ezin dugu inondik inora atzera pausorik eman, alderantziz, aurrera eta denok batera eman behar ditugu, alegia, euskal pilota Federazioaren gidaritzapean, klubak, pilotariak, pilotazaleak, hedabideak, instituzioak, …. Aurrera egin behar dugu, besteak beste, orain arte lortutakoa guztion artean defendatzeko garaia delako. Eta esan gabe doa, defentsa horretan EAJ eta EHBilduren eskuartzea ezinbesteko dela, euskal pilota selekzioak behar eta merezi duelako.

Hainbeste urtetan aldarrikatu eta borrokatutako euskal pilota selekzio bat laster Gernikan ikurriñarekin nazioarteko txapelketa ofizial batean lehian ikusteko parada izango dugu eta hori, guztiontzat pozgarria izango da. Eta agian horrek batzuei ezinegona eta tripako mina sortu arren, herri honek kirol mailan eta kasu honetan, bereziki maite duen eta berea bezala sentitzen duen euskal pilotan selekzio propioa izatea jakina merezi duela. Ospa dezagun!