Ni Pasai Antxon jaio nintzen, baina gure etxean zegoen kalea bi zatitan banatuta zegoen. Gure etxea Donostiakoa zen eta bidea pasa eta aurrean zegoena Pasaiakoa. Kale hura, ni txikia nintzanean, Iparragirre deitzen zen. Handik denbora gutxira Jabier Markina izena jarri zioten eta orain Eskalantegi izena dauka. Gure etxearen aurrez aurre Anunziata ikastetxea zegoen. Orduan ez genion horrela deitzen, baizik eta “el colegio de las monjas” erabiltzen genuen. 1939an jarri omen zuten martxan. Katalunian sortu omen zen Vichen, Monja dominikatarrak ziren. Etxe arrunta zen eta pisuz pisu banatuta zeuzkaten haurrak adinaren arabera. Mutilek ere bazuten gela bat, eta azkeneko pisuan aritzen ziren ikasten, adin guztietakoak nahastuta. Mutikoekin aritzeko beti moja bakar bat egoten zen: Hermana Asuncion. Mutil gutxi joaten ziren eta neska asko, eta noski, beste moja guztiak neskekin ibiltzen ziren. Jolas garaian ere, ondoan genuen Alamedara joaten ginen, baina ez genuen mutilekin batera jolas lekua konpartitzen. Neskak kioskoaren aurrean eta mutilak atzealdean.
Ni 1944. urtean hasi nintzen ikastetxe honetan, Hermana Mariarekin. Neska gazte gaztea zen eta ni oso pozik egon nintzen berarekin. Egunen batean ez bazegoen, ihes egiten nuen, errepidea zeharkatu eta nire etxera joaten nintzen, korrika batean inor konturatu ez zedin. Baina konturatzen zenean, oso atsekabetuta geratzen zen Hermana Maria, baita nire ama ere, eta poliki-poliki erakutsi zidaten hori ezin nuela gehiago egin. Kosta egin zitzaidan ordea hori onartzea. Nik Hermana Maria maite nuen eta ez nuen beste inor nahi! Zuzendu ninduten; 6-7 urterekin gelaz aldatu eta Hermana Natividad izan nuen irakasle. Harekin ere oso gustura egon nintzen eta asko ikasi nuen berarekin, matematikak batez ere. Hori da daukadan oroitzapena behintzat.
Gure taldekook Lehen Jaunartzea egin behar genuenean, gurasoek erabaki zuten nire lagun minak, Milagrosek eta biok beste egun batean egingo genuela.
Bion gurasoak ados zeuden eta gu harrituta erabat. Eta onartu zuten eskaera. Zergatik ote zen guk aparte egite hori? Gero, askoz geroago, jakin genuen zergatia. Gure Jaunartzean, bi abesti behintzat, euskaraz izango zirelako. Eta hori orokorrean ez zen gertatzen. Milagrosek eta biok euskaraz egiten genuen eta hori merezi genuela pentsatu zuten gure familiakoek. Eta 1948ko Korpus egunean halaxe izan zen. Beharbada, ikastetxean euskaraz zerbait entzuten zen lehen eguna izango zen. Eta moja guztiak oso pozik zeuden! Lehen Jaunartzea egin, gosaldu, eta korrika prozesiora. Oso oroitzapen ederra geratu zitzaigun denoi.
8 eta 9 urte nituenean Hermana Luzia izan zen nire irakaslea. Gero Moja Nagusi izendatu zuten, baina ordurako ni ez nengoen ikastetxe hartan.
Nire gurasoek Batxilergoa egin behar nuela pentsatu zuten, eta nik ere hori ikasi nahi nuen gero magisteritza ikasteko. Pasaian ez zegoen Batxilergoa egiteko aukerarik. Pena handiz, Donostiako ikastetxe batean matrikulatu ninduten. Hara joan aurretik, sarrera azterketa egin behar izaten zen Instituto Peñafloridan, “ingreso de bachiller “ deitzen zitzaion garai hartan. Nirekin zenbiltzanen artean beste bi edo hiruk berdin egin zutenez, tranbia edo trena hartzeko ez nintzen behin-tzat bakarrik ibiliko. 10 urte bete nituen egun berberean aurkeztu nintzen eta “Apta” jarri zidaten. Horrekin baneukan posibilitatea beste ikastetxe horretara joateko. Gu oso pozik ginen. Mojak, aldiz, beraien ikastetxean Batxilergoa ematea ezinbesteko ikusiz, 1951n 2 ikaslerekin abian jarri zuten. Hermana Imelda aukeratu zuten horretarako, eta berehala Hermana Maria Rafaela etorri zen Batxilergo lanetan laguntzeko. Donostiako ikastetxera joan nintzenean, ondo gogoan izaten nituen Pasaiako eskoletan izandako irakasleak, jolas lagunak, egiten genituen irteerak: S. Markosera, eta “fuente del hojara” joaten ginenekoak. Esango nuke, urtero egiten genituela irteera pare bat. Horrelakorik ez genuen egiten Donostiako ikastetxean. Hauexek dira behin-tzat, hainbeste urte pasa eta gero nire gogoan eta bihotzean geratu zaizkidanak.
Uda partean piano eta mekanografia klaseak ematen zituzten, eta ni, beste batzuekin batera, pianoa, mekanografia eta josten ikastera joaten nintzen uztailean ordu pare batez. Beraiekiko lotura ez zen inoiz eten.
Anaiak 4 urte bete zituenean, bera ere Hermana Asuncionen gelan sartu zen 1951n; behin Batxilergoa jarri zutenean, neskak izango zituen ikasle. Eta mutilak 9 urte bete arte egoten zirenez, anaia 9 urterekin atera zen handik, Donostiako mutilen ikastetxe batera joateko. Artean urte asko falta ziren neska-mutilak elkarrekin ikasteko baimena lortzeko… Ondotxo dakigu denok nork agin-tzen zuen!
Kolegioa beste leku batean jarri zuten. Eraikuntza berri eta eder bat altxatu zuten. Ikasle ugari jasotzen zituzten, oso ongi zihoan; Eskalantegi kaletik goraxeago (Lorete bidea 2) dago.
Magisteritza ikasten hasi nintzenean, arratsaldetan Anunziatara joaten nintzen batez ere Gramatika eta Matematika indartzeko. Magisteritza bukatutakoan oposizioak prestatzen hasi nintzen. Bide batez, Elvira Zipitria Andereñoarekin eskolak hartzen hasi nintzen, bidean galdu nuen euskara berreskuratzeko. Ikasturte batean asko aurreratu nuen eta bigarren ikasturtean praktikak egiten hasi nintzen bere ikastolan, berak erabiltzen zuen pedagogia aurrerakoi eta eder hura ikasteko. Nire asmoa garbia zen, oposizioak bukatu, eszedentzia eskatu eta ikastola zabaldu, Elvirarekin ikasi nuen guztia praktikan jartzeko.
1960an ikastola jarri nuen nire etxean. Lehen urte hartan 5 haur izan nituen, euskaldun peto petoak; gurasoak ilusioz beteta zeuden, herrian ikastola bat izango zutelako.
Berehala hasi ziren 5 horien ingurukoak, anai-arrebak, osaba-izebak edo aitona-amonak, euskarazko eskola eskean. Egun batean hara non deitu zidan Hermana Imeldak esanez ea kolegioan emango nituzkeen euskarazko klaseak. Bi talde oso bazituztela dagoeneko. Bat 6etatik 7etara, Batxilergoa egiten ari ziren lehen kurtsokoekin, eta beste bat azken kurtsoak egiten ari zirenekin. Astean hiru egunetan joaten nintzen eta batzuetan mojaren bat ere joaten zen klaseak jasotzera, edo abestiren bat erakutsi behar banien ba beraiek ere ikas zezaten. Oso ongi gogoratzen dut Hermana Asuncion askotan etortzen zela eta beste batzuetan baita Hermana Imelda ere. Oso oso gustura egin nuen lana nire txikitako ikastetxean! Eguberritan Jaiotza antolatzen bagenuen, gonbidapena egiten nien ikastolakoekin ateratzeko eta hantxe agertzen ziren gurekin batera abesteko. Eskola Nazionaleko ikasle batzuk ere etortzen ziren, eta denok elkarrekin talde ederra antolatzen genuen. Nik ezin nuen sinistu. Baina halaxe izan zen: Pasaiak sekulako ongi etorria eman zion euskarari. Mojen ikastetxeak eman zion lekua ez zen batere ohikoa, baina Pasai Antxon gertatu zen!
1965ean Donostiara etorri nintzen bizitzera eta Pasaian egiten nuen lan berbera egiten hasi nintzen. Nolanahi ere, Anunziatako moja eta ikaskide izandako gehienekin beti mantendu izan dut harremana, egun berezietan batez ere, moja bat jubilatzen zenean edo kanpora joaten zenean, edo besteren bati moja egin zenetik zilarrezko ezteiak iristen zitzaizkionean, beti egiten genuen ospakizunen bat.
Halako batean, ni jada jubilatuta nengoela, 2005. urte ingurua izango zen, nik ezagutzen ez nuen kolegioko moja batek deitu zidan, bere euskara sustatzeko mintzapraktika egiteko denboratxo bat eskainiko ote nion esanez. Hala, astean behin elkartzeko eguna jarri, eta ni bizi nintzen etxera nire txikitako lagun batekin etorriko zela esan zidan. Txikitako lagun hura ere euskalduna zen eta oso ongi gogoratzen nintzen berarekin. Halaxe pasa genituen hiru bat urte.
Argi dago ikastetxe horrek euskara maite zuela, eta ez zirela, urte haietan beste ikastetxe askotan gertatu bezala, euskararekiko gorrotoz bizi. Ez horixe!
Orain etapa aberats eta emankor hura buka-tzera doa! Urte onak eta ibilbide luzea izan du. Donostiako Danborradan ateratzen direnean eta Anunziata ikastetxea esaten dutenean, zirrara bizia sentitzen dut urtero. Eta hori ere bukatuko da. A ze pena izango dugun bertan ibili ginenok!
Agurra emateko, ez ote genuke ekitaldi maitekor bat antolatu behar kurtso amierarako? Ideia bat besterik ez da, baina badugu denbora zerbait egiteko!
Besarkada handi handi bat bihotzetik!