Azken urteotan, askoren kontzientzian garatu da historia xeheago aztertzeko premia. Fenomeno globala dela esango nuke, feminismoak bultzatuta. Transmisioan daude errealitate kolektiboen euskarriak; eta, emate horretan, emakumezkoak atzendu ditugu –egia da–. Baina, diskriminazio bidegabea izateaz gaindi, arriskua izan daiteke gurean. Herriaz ari naiz, ez besterik. Erreferente propioen peskizan ez badugu gure lana txukun egiten, ikonoak beste nonbaiten bilatuko ditugu; eta, horien bidetik, identitatea lapurtu diezagukete. Hortaz, pentsatzen dut, erronkak bikoitza izan behar duela: mendeetako injustizia erreparatu eta euskal erreferente femeninoak azalarazi. Lerro hauen bidez, 1907an jaio zen Haydee de Agirre.
Sobera dakit gaur egun hau esateak glamourrik ez duela, baina ezin dut beste inondik hasi. Haydee kristaua zen. Kristau petoa, alegia. Bada inguru honetan kutsu erlijiosoa izan dezakeen edozein gauza ezkutatzeko edo lotsaz markatzeko joera. Berdin zait. De Agirre fededuna zen. Sinestuna eta abertzalea. “Patriota” usa-tzen zuen berak, kastillanoz; fedearena bezala, demode dagoen hitza. Ai, konplexuak… “Zin egiten dut Jaungoikoa eta Lege zaharraren lelo sakratuko nire Jainkoaren eta nire Aberriaren doktrina libratzaileak hedatuko ditudala” idatzi zuen behin Jagi-Jagi egunkarian. Emakume librea zen, garai horretan autonomoa, eta arrunt ausarta. Esango nuke aurreratu samarra ere izan zela.
Santurtziarra jaiotzez, oso gazte hasi zen mitinlari lanetan. Hasieran telonera eta, urte gutxi batzuen bueltan, protagonista. Lehenetako bat, berak hala kontatuta, Katalunian izandu zen; norekin eta Unió Democràtica de Catalunyako agintari ezaguna zen Carrasco i Formiguerarekin. Bidenabar, esan beharrean nago Carrascok ezinhobe irudikatzen duela, batetik, Euskadi eta Kataluniaren arteko lotura, eta, bestetik, gerrako desgraziak: anarkistek jazarrita –katolikoa izateagatik– Euskadira ihes egin zuen; bidean, frankistek harrapatu, espetxeratu eta Burgosen fusilatu zuten 1938an, “matxinadari laguntzea” leporatuta. Independentista konbentzitua zen, finean. Bi urte lehenago, Haydeeren aitak Carrascoren patu beltz bera izan zuen: haren itsasontzian fusilatua, Galizian.
Haydeeren hitzaldiak sutsuak omen ziren; suharrak, erreibindikatzaileak, errebeldeak eta, zenbaitetan, gogorrak ere bai. “Maitasunari maitasunarekin erantzungo diogu, egurrari egurrarekin eta tiroei tiroekin… eta gure hildako bakoitzagatik haiek birekin ordainduko dute” esan omen zuen behin, sozialista edo komunista batek abertzale bat kalean erail eta gero. Jose Antonio Agirrek berak eskatu omen zion gero horrelakorik ez esateko. Beste behin, umore puntu batekin, Indalecio Prieto Espainiako ministroaz esan zuen “buru handi horretan –Prietok tamainan buru handia zuen– sartu zaio emakumeok ez dugula boto eskubiderik izan behar”. Lotsarik ez zuen independentzia ukatzen zutenekin. Halako batean zuzendu omen zitzaion Bizkaiko gobernadore zibilari: “euskal emakumeok yo-yoan jolasten gara zu bezalako txotxongiloekin”.
Haydeek ere errepresioa pairatu zuen. 1933an, Espainiako Bigarren Errepublikan, espetxeratua izan zen Larrinagan. Euzkadi egunkariak egun horretako irudi zirraragarri bat zeraman azalean: Polixene de Trabudua eta Haydee de Agirre, irribarretsu, kartzela bidean. “Irribarre egiten du Euzko Alderdi Jeltzaleak egoerari aurre egiten dion bitartean” zioen azpiko paragrafoak. Militante abertzale askok lagundu zituzten egun horretan, kalbarioan bezala. Kartzelan sartzen ari zela, bertaratutakoei begirada itzuli eta garrasi ozen bat egin zien santurtziarrak: Gora Euzkadi askatuta. Ozena eta argia.
Urte gutxi barru, gerrak eztanda egin zuen. De Agirre erizain ibili zen Basurton eta, apur bat geroago, ertzainekin kanpaina-ospitale xume batean. Azken minutura arte zaurituak artatu zituen. Berak ez zuen beldurrik. Halako batean galdetu omen zion ertzainen nagusiak: “Haydee, (faxistak) Artxandan daude, zer egin behar duzu?” eta hark patxadaz erantzun zion “Karrantzara arte tartea dago”.
1937an erbesteratu zen. Eresoinkan integratu zenetik talde horren eskutik lagundu zuen Europan barrena Euskadiko egoeraren berri ematen, kulturaren bitartez. Parisera mugitu zen gero eta lortu zuen Euskadira itzultzea frankismo betean, isil-gordeka. Jesuitek lana aurkitu zioten Madrilen ume-zaintzaile, familia aberats batean. Espainian ez zen Haydee, Emerita baizik. Azkenean, poliziak Emerita harrapatzea lortu zuen. “Emerita no: Haydee de Agirre” –esan zion poliziak–. Zorionez libratu egin zen: atxilotu zuenak, jatorri abertzaleko emakume baten senarra, haren familiarekin gogoratu eta, penak hartuta, laguntza eskaini zion. Ozta-ozta salbatu zen.
Diktadorea hil eta gero itzuli zen etxera. Dena egiteko zegoen demokrazia berrian. Pena handiarekin bizi izan zuen berak EAJren zatiketa eta orduan Garaikoetxearen alde lerrokatu bazen ere, abertzaleon adiskidetzearen aldeko deia egin zuen. Deia baino, exijentzia.
Hori guztia –eta aipatu gabe dagoena– izandu zen Haydee. Gaur, erreferente bila ari garen honetan, Emakume Abertzale Batzako bide-urratzaileekin maizago akordatu beharko ginatekeela pentsatzen dut. Gaur, gure ikurrak eta nazio-izaera kolokan jartzea ikusten dugun bakoitzean, akaso beharko genituzke De Agirreren hitzak berriro leitu: “Berrogei urte eman ditut neure baitan gatibu. Denbora gehiegi bihotz baten-tzat. Hala ere, aurreikuspen guztien kontra ikurrinak irabazi duela ikusten dut. Entzun dezaket, txinparta bat balitz bezala, Euskadi hitza. Orduan ulertzen dut ez ginela erratu; ez genuela alferrik sufritu. Egin genuen hura, bakarren batzuk moztu nahi izan zutena, bizirik dago; bizirik eta garaile, berrogei urteren ondotik. Hori da garrantzitsuena. Niretzat berrogei urte bizitza osoa da. Euskadi bezalako herri batentzat, zaharra eta berria dena, berrogei urte ez da hainbeste”.