Besta bat. Horixe iruditzen zitzaion Saidi telebistan ikusten zuena. Besta bat, non gizon zuriek, arropa eta auto dotoreen jabe, laneko izerdiaren berririk ez zuten. Besta bat, non emakume zuriek, ile aske eta titiak erdi agerian, amore ematen zieten, aise eman ere, musukatu, eskukatu, zamalkatu nahi zituzten gizon zuriei. Saidek noizbait erabaki zuen besta horretan parte hartu nahi zuela. Behar adina diru biltzeko, urteak. Damurik ez, hain neke handiz batutakoa hondartzako morroi ilunaren eskuetan uztean. Gaua zen, hotzak uzkurturik eta zipaturik ailegatu zen itsasartearen bertze aldera, baina bizirik eta prest telebistan hainbertze aldiz ikusitako bestarekin bat egiteko. Parean tokatu zitzaion lehenbiziko uniformedunak apaldu zion gogoa. Hari aditu zion lehenbizikoz: puto moro! Kartzela moduko batean zarraturik egin zuen denborak ez zion, hala ere, esperantza mendratu. Etorriko ziren, etorriko zirenez, arropa dotorea, auto puskak, lan neke gabeak, gizonen apetei beti baietz erraten zieten emakumeak. Saidek 18 urte beteta utzi zuen kartzela modukoa. Bere herrikide batzuekin, gauaz ateratzen zen, eta bertako gazteak biltzen ziren tokien inguruan ibiltzen, lotsa, eskandalua eta inbidia nahasirik. Festa hor zen, baina beraiek ez zekizkiten festa horren arau ezkutuak. Gau batez ausartu zen dantzan zebilen neska batengana egiten. “Puto moro, ezta hurbildu ere!”. Ukabilka bukatu zuten haren lagunekin. Orduko, etsitzen hasia zen lan eta diru kontuetan ere. Aurkitzen zuena aurkitzen zuela, beti lanorduz luze eta soldataz motz. Bera bezalako puto moro batendako gauza hoberik ez zela izanen ohartu zen gauean jo zuen bertako gazteen ohiko parranda-leku batera. Inguruka ibili zen ehizakia hautatu arte. Bere etxeko atarira sartzen zen momentuan harrapatu zuen neska. Kolpe batez eraitsi zuen lurrera. “Orain erran niri, puto moro!”, ulu egin zion, galtzak jaitsi bitartean.